“Elorriar batzuek Anboto tontorrean itxaron ziguten guk laugarren igoera egin arte"”

Joseba Derteano 2020ko abe. 3a, 13:30

Ainhoa Abendibar (Atxondo, 1975) eta Jon Abendibar (Atxondo, 1973) neba-arrebek erronka kurioso bat  egiteko baliatu dituzte Anboto mendirako igoerak. Orain asteburu bi, zortzi bide desberdinetatik igo eta jaitsi ziren eskualdeko mendirik garaienera, eta ibilbide osoari lau hostoko lore forma eman zioten. Wikiloc aplikazioan ikusi daiteke irudia.

Zelan sortu zitzaizuen ideia?
Jon Abendibar: Gazte-gaztetan ez genuen Anbotora joateko ohitura handirik. Baina hor egon da beti. Apatan bizi ginenean etxetik ikusten genuen eta miresmen berezi bat izan diogu. Gaur egun Ainhoa Abadiñon bizi da eta ni Apatan. Hartu-eman ona bai, baina estu-esturik ez geneukan. Orain urte bi eta erdi, Ainhoak asko lagundu zidan nire bizitzako etapa batean, eta elkarregaz gehiago egoten hasi ginen. Anboto mendia izan zen gerturatu gintuena.
Ainhoa Abendibar: Anboto igotzen hasi ginen. Behin igotzea labur geratu zitzaigunean, egun berean birritan igotzea pentsatu genuen. Hasieran, Anbotora igotzen hasi ginenean, ez genuen buruan ibilbideari lore forma ematea. Urtarrilean, nire urtegunean, Jonen oparia jai hartzea izan zen eta nigaz Anboto hiru bider igotzea. Gero, elkarregaz bazkaldu genuen. Igoerak bide desberdinetatik egin genituen, eta baita jaitsierak ere. Beraz, sei bidetatik igo eta jaitsi genuen Anboto, sei ordu eta erdian. Orduan ere ez geneukan lorearen kontua buruan. Egin eta gero konturatu ginen lorearen formaz. Oso polita iruditu zitzaidan eta niretzat egun berezia izan zenez, besoan tatuatu nuen. Eguna nahiko fresko amaitu genuen eta lau igoera egitea pentsatu genuen. Kasu honetan, bai, kasu honetan formaren bila joan gara.

Lau hostoko loreak zortzi bide eskatzen ditu. Erronka izan da bide denak planifikatzea?
J.A.: Ibilbide batzuetan errazagoa da igotzea jaistea baino. Kontua da zortzi bide egiteko eta lore formari eusteko, aurreko aldian igotako leku batetik jaitsi beharra zegoela oraingoan. Hiru bider joan ginen toki horretara jaitsiera on bat bilatzeko.

Bide berriren bat 'zabaldu' duzue?
A.A.: Ez, guk ez dugu biderik zabaldu. Oso ezagunak ez diren pare batetik ibili gara, besterik ez.
J.A.: Esaterako, orain dela gutxira arte Anboto hegoaldetik igo barik geunden eta Wikiloc-en erreferentzia bakarra aurkitu genuen. Baina gutxien-gutxien markatuta dagoen bidea ipar-ekialdekoa da, Arrazola parterantz ematen duen mendi-hegalekoa. Ez dago bide garbirik eta norberak bilatu behar du.

Zelan joan zen eguna bera?
J.A.: Oso ondo. Anekdota polit bat gertatu zitzaigun gainera. Orain aste batzuk, bideak prestatzen genbiltzala, elorriar batzuk ezagutu genituen eta gure asmoa kontatu genien. Bada, erronka egunean, hirugarren igoera egin genuenean, tontorrean aurkitu genituen. Eta, gure sorpresarako, bertan itxaron zuten guk laugarren igoera egin arte. Polita izan zen.

Bost hostoko lorea egitea buruan darabilzuen ideia da?
A.A.:
Gatxa da, beste bide bi behar direlako.
J.A.: Ez da buruan darabildan zerbait.
A.A.: Erronka egunean hainbat kobazulotatik pasatu ginen eta komentatu genuen udaberrian errepikatu egin dezakegula ibilbidea, egunak luzeagoak direnean, baina ahalik eta kobazulorik gehienetatik igarota.

Ibilbidea Wikiloc-en dago errepikatu gura duenarentzat.
A.A.: Bai, pentsatu izan dugu hori eta, egia esan, hiru hostoko ibilbidea hainbatek deskargatu dute. Gure herritik irten ezin dugun egoera honetan, inguruko mendizaleentzak aukera polita da.

Gomendiorik?
J.A.: Ohitutako jendea bada, ez du arazorik izango. Toki batzuetan eskuekin lagundu beharra dago. Ez dira toki arriskutsuak, baina kontuz ibiltzea komeni da.
A.A.: Etxe ondoan dagoenez, abantaila handi bat ikusten diot. Igoera bat egin eta ondo zaudela? Bada, aurrera. Nekatuta zaudela? Etxea alboan dago eta beste edonoz itzuli zaitezke. 

Baduzue bestelako erronkarik buruan?
J.A.: Joan zen asteburuan, Jonek, aitak, amak eta laurok igo genuen Anboto. Aitagaz behin igota nengoen, eta Jon beste behin amagaz. Baina tontorrean sekula ere egon barik geunden laurok batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!