“Hezur-muinaren donazioaren falta handia dago gaur egun eta behar duten horien bozgorailu izan gura dut”

Joseba Derteano 2020ko urr. 17a, 11:30

Mauri Imazek 'Tourkiola 365' izena ipini dio aste honetan hasi eta 2021eko urriaren 12an amaituko duen erronkari. Elastiko berezi bat prestatu du horretarako, hezur-muineko emaileen erregistroan sartzeko deitu behar den telefono zenbakia handi-handian ageri den bat. Hezur-muinaren beharrizan handia dagoela dio eta erregistroan sartzera animatu gura ditu herritarrak.

Zelan sortu da hezur-muina ematearen aldeko erronka hau?
Orain gutxira arte errepidean bizikletan sekula ere ibili barik nengoen. Lagun batek proposatuta hasi nintzen, utzi zidaten mendiko bizikleta bategaz. Geroago eta hobeto sentitzen nintzen eta Urkiola igotzea pentsatu nuen. "Hau egunero egin behar zenuke", esan zidan lagunak, eta horretan hasi nintzen. Eta Urkiola hainbat egunetan igo eta gero, testuinguru solidario bat eman niezaiokeela pentsatu nuen. Hezur-muina ematearen inguruko elastiko bat egin eta, Amankomunazgotik sustatutako '30 egun bizikletan' ekimenean oinarrituta, Urkiola egunero igo nuen hilabetean.

Zergaitik aukeratu zenuen hezur-muinaren donazioa eta ez beste bat?
Hezur-muin emaileen falta handia dago eta behar duten horien bozgorailua izan gura dut. Txarto pasatzen dute eurek eta txarto pasatzen dute euren senitartekoek. Behar duenarentzat bateragarria den hezur-muinaren bila ibili behar izaten dira, eta pena da zeren eta gutako bakoitzaren barruan dago irtenbidea.

Zelan bihurtu daiteke hezur-muinaren emaile?
Urkiola igotzeko darabildan elastikoan ageri den telefonora deitu daiteke: 900 102 688. Hezur-muin emaileen  erregistro nazionaleko [REDMO] zenbakia da. Zerrenda bat osatzea dute helburu. Odola aterako dizute eta zure ezaugarriak gordeta geratuko dira. Noizbait zure ezaugarriak hezur-muina behar duen bategaz bateragarriak badira, zugaz hartu-emanetan ipiniko dira eta, ados bazaude, hezur-muina ateratzeko prozesua hasiko da. Batzuek beldurra diote hezur-muina emateari, baina erregistratuta badago eta hezur-muina emanda pertsona baten bizia salbatuko duela esaten badiote, aurrera egingo du seguruenik. Baina dei hori zerrendan bazaude baino ez dute egingo. Horregaitik da oso garrantzitsua erregistro hori. 

Aurretik bizikletan ibili bakoa izanda, gogorragoa egiten da erronka?
Bai, baina hezur-muina behar dutenen bizitza eta euren senitartekoena gogorragoa da eta zerbait egin gura nuen hori erakusteko.

Hilabeterako erronka zena urte osora luzatu duzu. Zergaitik?
Hedabideetatik deitzen hasi zitzaizkidan eta egiten ari nintzenak oihartzuna zuela ikusita, erronka datorren urteko urrira arte luzatzea erabaki nuen, 2021eko sanfaustoetara arte. Ezin nuen olatua igarotzen utzi, beharbada etorkizunean ez da besterik sortuko eta. Horrelako erronka handi bat deigarria gertatzen zaio jendeari, eta elastikoan daramadan telefonoa ahalik eta gehien zabaltzea da nire helburua.

Fisikoki, zelan daramazu Urkiola egunero igotzea?
Ondo. Alderdi fisikoak ez nau bereziki kezkatzen. Beti kostatzen da, baina gora heldu eta zergaitik egiten dudan gogoratzeak indarberritu egiten nau. Ibilgailuek gehiago arduratzen naute. Euria egiten duen egunetan, gidarientzat gatxagoa da bizikletan doana ikustea, eta arriskua handitu egiten da, batez ere mendatean behera zoazenean. Udazkenean gaude, gero negua dator, eta euritsuak izaten dira biak. Baliteke noizbait Urkiola birritan igotzea eta ekaitz egun batean etxean geratzea. Baina, tira, gura duenak nire ibilerei jarraitu ahalko die, egunero argazki bat sartuko dut-eta instagram sare sozialeko tourkiola_365 kontuan, jasota geratu dadin. 

Utzitako bizikleta bategaz zabiltza Urkiolan gora.
Bai, mendiko bizikleta bat da. Helburu solidario baterako da eta, zelanbait esateko, beste kate solidario bat sortzea gustatuko litzaidake: norbaitek elastiko bat eman edo beste bizikleta bat utzi gura badit, bada, bikain. Eta jendeak mendatea nigaz batera igo gura badu, hori ere bikain legoke. Horrelako gauzak irtengo direla sentitzen dut. Badut konfiantza hori.

Norbaitek zugaz igo gura badu, noiz aurkituko zaitu Urkiolan gora pedalei eragiten?
Goizetan igotzen dut, normalean 07:30 inguruan. Izan ere, 09:00etan lanean egon behar dut arrebagaz batera dudan arkitektura bulego batean. Hau da, nire lanorduetatik kanpora egiten dudan zerbait da, nire denbora libreko zati bat erronka honi eskaintzen diot. Erronka hau ez dut egiten inor baino gehiago naizela erakusteko edo antzerako konturen bategaitik. Gabezia bat dagoela ikusi dut eta nire aletxoa ipintzen nabil egoera hobetzen ahalegintzeko.

Beste ezer gehitu gura duzu?
Nire ustez, hezur-muinaren donazioa betebehar bat izan beharko litzateke; behintzat erregistratuta egotea, beharrizana dagoenerako. Hau da, behar dutenentzat eskubide bat izan behar du, eta gainerakoentzat betebehar bat. Horrela ikusten dut nik. Azkenean donazio batek bizi bat salbatu dezake eta denok horren kontzientzia handiagoa izan behar genuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!