Mythimna unipuncta, herritarrak aho-zabalik utzi dituen harra

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 23a, 20:00

Azken egunotan Durangaldean egon diren zomorro plagak tximeleta-har gautar batek eragin ditu. Mythimna unipuncta da bere izen zientifikoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren ingurumen sailak zomorroari buruzko xehetasunak eman dizkigu. Zeintzuk diren jakin gura?

Garaiko Aiartza auzoan harriduraz ikusi dute zomorro honen presentzia neurrigabea. Ez da Durangaldeko toki bakarra izan. Azken egun hauetan zomorro berdinak ikusi dituzte herritarrek Berriz aldean, Andikona inguruan. Baita Abadiñoko eta Atxondoko ingurune batzuetan ere. Harridura handia eragin du zomorro honen presentzia handiak.

Espezie gautarra

Bizkaiko Foru Aldundiaren ingurumen sailak jakinarazi duenez, Mythmna unipuncta da zomorroa. Tximeleta-har gautarra da. Harrok ez dira egunez ikusten, baina iluntzeetan talde handitan irten ohi dute elikagai bila. Jatekoa falta dutenean, belardietara eta arta-soroetara jo ohi dute elikagai bila. Zelaietako gramineoei egiten die eraso, baina ez dira kaltegarriak gizakiarentzat eta animalientzat. 

Biologia

  • Tximeleta: ale helduak 3 eta 3,5 zentimetro bitarteko tamaina hartu dezake. Kolore arrea izan ohi dute eta gune zuri bat nabarmendu ohi zaie hegalen erdigunean.
  • Errunaldia: ale batek 700 arrautza ipini ditzake, errunaldi-lerro bakoitzean 10-40 arrautza jarrita.
  • Harra: 3 eta 3,5 zentimetro bitarteko taimaina izan ohi du.
  • Krisalida:  kolore arre ilunekoa izan ohi da. Lurrean egon ohi dira, erdi-lurperatuta.

Nola kontrolatu

Eguraldi baldintzak zomorroaren aldekoak badira, espeziea erasokorra izan daiteke uzta eta belardietan. Lehendabiziko sintomak ikusten direnean, berau akabatzeko haustutze produkturen bat baliatu daitekeela azaldu du Foru Aldundiak. Bacillus thuringiensis bakterioa oinarri duen botika erabili daiteke. Dena dela, Foru Aldundiak azpimarratu du momentu honetan ez duela tratamendua egiterik gomendatzen, "kaltea jada egina dagoelako eta harrak egun gutxi barru desagertu ohi direlako". 

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!