Tourmalet mendatea bizikletan atzerantz igotzen ahaleginduko da Ruben Gorospe, irailean

Anboto 2020ko mai. 27a, 10:10

Osasun-krisia hasi zenean iragarri zuen erronka eta koronabirusaren eraginez gehien sufritu dutenei eskaini die.

"Egun konplikatu hauetan, ahalegin handia egiten ari gara eta ospitaletan lan egiten duten langile denengatik, mendate bat bizikletan atzerantz igotzeko konpromisoa hartzen dut, egoera hobetzen denean. Adineko pertsonei ere eskaini gura diet, gehien pairatzen dutenak direlako". Ruben Gorospek martxoaren 28an idatzi zuen mezu hori bere sare sozialetan eta orain asmoarekin aurrera jarraitzen duela iragarri du. Tourmalet da aukeratu duen mendatea eta irailean egingo du saiakera.

Erronka iragarri zuenean, askok Urkiola mendatea proposatu zioten, baina erronka hori egina du. "18-19 urte nituenean igo nuen Urkiola atzerantza. Hori eginda daukadanez, Tourmalet aukeratzea erabaki dut", kontatu du txirrindulari ohi mañariarrak.

Orain lau-bost urte berriro igo zen bizikleta gainera postura arraro horretan. Cafés-Baqué taldeko laguntzaile zebilen orduan eta Arrieta herrian taldeko bazkari bat zuten. "Behetik gora pare bat kilometro daude eta atzerantza igotzea erabaki nuen. Hori izan zen horrela ibili nintzen azken aldia", gogoratu du.

Tourmalet, jakina, beste mundu bat izango da. "18 bat kilometro dira. Orduko sei bat kilometro eginez gero, atera kontuak. Hiru bat ordu izan daitezke". Itxialdiaren ostean, hasi da apurka bizikletan ibiltzen. "Lehenengo aurrerantza, sasoia hartzen joateko", argitu du.

Aurrekariak

Gorospek umetatik daki bizikletan atzerantz ibiltzen. Zortzi bat urte izango zituen lehenengoz probatu zuenean. "Sasoi hartan bazegoan pertsona bat Urkiola domeka guzti-guztietan atzerantza igotzen zuena. Orduan hasi nintzen", gogoratu du. "Gainera gogoan dut, Tourmalet igotzeko saiakera ere egin zuela, baina haizeak bota egin zuen. Beraz, haizea ere kontuan hartu beharreko faktorea izango da", azaldu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!