[ARGAZKIAK] Zomorro plaga batek harridura eragin du Garain

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 21a, 13:41

Egunotan zomorro plaga bat dabil da Aiartza auzoaren inguruetan. Adituek diote ez dela fenomeno arraro bat, eta zomorroa ez dela arriskutsua. Dena den, plagak, irudi txundigarriak utzi ditu. Etxe atariren batera ere ailegatu dira intsektuak. 

Lurrean bizi den zomorro batek ezohiko irudia utzi du Garain. Zomorro talde handi bat joan-etorrian ibili da Aiartza auzoaren inguruetan. Baserriren baten etarteraino ere ailegatu dira, eta, kasu batzuetan, baita etxe atariraino bertaraino ere. Hormetan gora ere egin dute kasu batzuetan. Lekukoek ANBOTOri kontatu diotenez, Abadiñotik Garairarako errepidean ere ikus zitezkeen zomorro taldeok. 

Udalak joan den eguenean izan zuen gertatzen ari zenaren berri. Plagak kontrolatzeko enpresa bati dei egin zion eta egun hartan bertan gerturatu ziren teknikariak Garaira. Santurtziko Tres de Lan enpresako kideak Aiartza inguruan ibili dira egunotan. Fumigazioaz eta plagak kontrolatzeaz arduratzen da enpresa. Bertako zuzendari teknikoa da Javi Lombera eta lasaitasunerako deia egin du. "Ez da plaga arraro bat, ez da ezohikoa eta ez da arriskutsua", dio. Lomberak ez du intsektuaren izena zehazterik izan, baina azaldu du zomorroa lurrean bizi den intsektu mota bat dela. "Lurrean bizi da. Lurreko intsektua da. Ez da arriskutsua, nahiz eta haren presentziak higuina eragin dezakeen.

Sikateagatik ote? Trumoiagatik ote?

Lomberak dio ez dagoela argi zein arrazoirengatik gertatu den ezohiko irudi hau, baina argitu du zomorroak ez daudela putzu-septikoei edo halakoei lotuta. Bere esanetan eguraldian egon daiteke fenomeno honen azalpena. "Ikusi dugu hainbat puntu desberdinetan eman direla zomorroen-arrautza eklosioak. Ez dakigu zehatz zergaitik. Izan daiteke egunotako sikateagatik. Eta izan daiteke sikatearen osteko trumoiagatik. Beharbada trumoia izandakoan eklosio guztiek egin dute bat".

Edozelan izanda ere, zomorroak haien kabuz hiltzen direla argitu du Lomberak. "Egun batzuen buruan hil egin ohi dira. Haien kabuz hiltzen dira. Pestizida erabili daiteke, baina ez da beharrezkoa, zomorroak ez baitira arriskutsuak. Pestizida erabiltzeak ondorio txarragoak utzi ditzake". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!