"Tourmaleten luzerak kezkatzen nau batez ere; denbora askoan atzerantza ibilita apur bat zorabiatu egiten zara"

Joseba Derteano 2020ko ira. 16a, 08:58

Osasun krisian gehien sufritu dutenen omenez, Tourmalet mendate mitikoa bizikletan atzerantz igotzen ahaleginduko zela iragarri zuen Ruben Gorospe txirrindulari ohiak (Mañaria, 1964) maiatzean. Hileetako entrenamenduen ostean, domeka honetan egingo du saiakera.

Alderik gogorrenetik igoko du, La Mongie-tik: 17 kilometro, atsedenik hartzeko tarterik barik. "Tourmaleten luzerak kezkatzen nau batez ere, aldatsak baino gehiago; denbora askoan atzerantza ibilita apur bat zorabiatu egiten zara. Gogoan dut orain hile eta erdi Valdezcaray igo, bizikletatik jaitsi eta ebatu egin behar izan nindutela, mareatuta nengoelako", kontatu du.

Ordu bi inguru iraungo duen erronkari aurre egiteko, "konfiantzagaz" eta "ilusioz" sentitzen dela dio, hileetan entrenatzen dabilelako. Lehenengo egunak izan ziren gogorrenak. "Aurrerantza hasi nintzen. Denbora luzea neraman bizikletan ibili barik. Kasik zerotik hasi nintzen", onartu du. Handik hilabete ingurura hasi zen atzerantz. Inguruko "makina bat" mendate igo ditu, eta Kantabria ingurura ere jo du, Lunada eta halako mendate gogorragoen bila. Denbora honetan, 12 kilotik gora kendu ditu. "82 kilo nituen eta orain 70etik behera nabil", dio.

Domekan ez da bakarrik egongo. Lagun bi bere aurretik joango dira bizikletan, eta beste bi atzetik. Marino Lejarreta txirrindulari ohi berriztarra izango da euretariko bat. Horrez gainera, autobus bete lagun joango da animoak emateko.

Osasun krisian gehien sufritu dutenei eskaini gura die igoera, baina egoera honegaz zerikusirik ez duen pertsona bat ere badu gogoan: Bautista Onaindia 'Treinta' bizikletazale ezaguna. 'Treinta' Iurretako Oromiño auzoan jaio zen, eta gazterik Mañarian bizi izan zen 70 eta 80ko hamarkadetan, Urkiola mendatea bizikletan atzerantz igotzeko ohitura zuelako. "Errepide ondoan bizi nintzen eta askotan ikusten nuen. Berari ere eskaini gura diot", adierazi du Gorospek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!