"Urkulluren gobernuak tirita bat ipini du, baina ez du zerbitzu duinaren faltak eragindako zauria sendatu". Metafora hori erabiliz kritikatu du Pilar Ríosek (PSE-EE) Osakidetzaren neurri berria. Gogoratu dute eskualderako anbulantzia medikalizatu bat eskatu zutela, eta hainbat udalek babestu zutela larrialdietako beharginen aldarri hori. EAJ ez beste guztiek babestu zuten. Egoera larriak sortzean, anbulantzia medikalizatua Gernikatik etortzen da, eta bidaian galtzen den denbora erabakigarria izan ahal dela esan izan dute beharginek. Anbulantzia horrek, erizaina, medikua eta egoera horiei aurre egiteko baliabideak dauzka. Aste honetan martxan ipini dutenak, ostera, erizaina bakarrik dauka.
Horregatik, eta zerbitzua hobetu arren, PSE-EEk ez du ikusten nahikoa denik. Anbulantzia medikalizatua Iurretako suhiltzaileen parkean ezartzea eskatu zuen PSE-EEk. Bestalde, gogoratu dute beharginen beste eskaera nagusia ere ez dutela bete: erizain bat gehiago ipintzea Landakon.