Larrialdietako egoera landu zuten legebiltzarrean; sailburuak esan zuen laneko giroan dagoela arazoa.
Astelehenean, Durangoko larrialdietako –arreta jarraiturako gunea– egoera landu zuten legebiltzarreko Osasun batzordean. Beste hainbat eskaeren artean, lantaldea handitzea gura dute beharginek. Ohartarazi dute lan karga handitu egin dela azken urteetan, baina taldea ez dela handitu. EH Bilduko Rebeka Uberak egin zuen gaia lantzeko eskaera, eta Antonio Arraiza Osasun sailburuak erantzun zuen. Adierazi zuen arazoa lantaldeko giro txarrean dagoela, langile kopuru horregaz zerbitzua betetzen dela.
Horri erantzun diote beharginek: “Inondik inora. Euren arazoa hori da, danok finkoak garela, eta oso ondo konpontzen garela elkarregaz. Lan baldintzak oso gogorrak dira, eta horrek ere lotura bat sortzen du”. Sailburuaren argudioekin ez dute bat egin beharginek. Esan dute, mediku bakoitzak erizain bat beharko lukeela, eta bakarra dagoela. Gainera, kanpora irteten dutenean erizaina joan behar izaten da, eta anbulategian ez da erizainik geratzen. Beste eskaera nagusi bat anbulantzia medikalizatuarena izan da, Zaintza Intentsiboko Unitateduna. Gernikatik etorri behar izaten da Durangora.
Arraizak esan zuen erizain bat ipiniko dutela. “Hori ez da ZIU mugikorra. Hemen, erizaina eta medikua joaten dira, eta anbulantzia oso ondo prestatuta dago, guztiz desberdina da”, diote beharginek. Arraizak formazioa eta Galdakaoko ospitaleagaz bideokonferentziak egitea proposatu ditu hobekuntza legez. Beharginek ez dute txarto ikusten, baina ez dute uste horiek benetako arazoa konponduko dutenik. Gainera, adierazi dute jada heziak daudela eta uneoro daudela ikasten.
2.000 sinaduratik gora
Beharginek protesta egiten jarraitzeko asmoa daukate. Sinadurak batzen hasi ziren apirilean, eta dagoeneko 2.000 sinduratik gora batu dituztela azaldu dute. "Ikusten dute hau topera dagoela, pertsonal falta dagoela. Esaten dute ez dutela gugatik sinatzen, eurengatik baino".