Durangoko Larrialdiak

CCOO: "Ez du sakoneko arazoa konponduko"

Anboto 2014ko mar. 27a, 15:46
Durangalderako Osakidetzak ipinitako anbulantzia berriak ez ditu beharginak eta politikariak ase.

Osakidetzak zerbitzua hobetu du anbulantzia berriagaz. Izan ere, gidaria eta teknikari bat bakarrik eskaintzen ziren orain arte. Goizeko 09:00etatik 21:00etara Durangon egoten da anbulantzia, eta 21:00etatik 09:00etara Zornotzan. Gauez ez da erizainik egoten. Baina zerbitzuak ez ditu larrialdietako beharginak eta politikariak ase. CCOO sindikatutik adierazi dute momentuko erabaki edo ekimen bat ematen duela: “Ez du sakoneko arazoa konponduko”. Beraz, sindikatuaren ustez ez da nahikoa. “Anbulantzia honek ez du medikalizatu baten lana egingo. Ona litzateke gehigarri lez, baina ez da ZIU mugikorra”. Azaldu dute, esaterako, erizain batek ezin dituela hartu mediku batek hartzen dituen erabakiak eta neurriak.

Gainera, beharginak ez dituzte ofizialki informatu zerbitzu berriaz, eta ez dute funtzionamenduaren berririk. Protokoloa behar dutela diote CCOOtik. Horri lotuta, larrialdi zentroko gainerako protokoloak ere oraindik ez dituztela jaso kritikatu du. Lan baldintzek herritarren osasun arretan eragina izan ahal dute CCOOren ustez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!