PSE-EEk adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez diela kasurik egin udalen eskaerei, eta gainera, murrizketa gehiago egin dituela.
PSE-EE alderdiak Durangoko larrialdietako beharginen eskaerak babesteko mozioa aurkeztu du eskualdeko udaletan. Horren balantze legez prentsa oharra bidali du, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela kasurik egin. Gainera, murrizketa berri bat aplikatu dutela ohartarazi du: etxeetarako irteeretan erizain barik joateko agindu ei diete, eta bertan beharra ikusten badute, orduan deitzeko erizainari. Horrek erizaina ordubeteko atzerapenez joatea ekar dezakeela azaldu dute sozialistek.
"EAJko alkateek Urkulluri enbarazu egitea sahiestu dute, eta euren udalbatzarretako aginduak ez dituzte bete". Anbulantzia medikalizatu berri bat eta beste erizain bat eskatu dizkiote Jaurlaritzari. "Sozialistok aurreko gobernuari anbulantzia eskatu genion bitartean, EAJk batzokiaren ikuspegitik pentsatzen duela ematen du", esan dute PSE-EEko kideek. Jarrera partidista edukitzea leporatu diote EAJri.
Bestalde, PSE-EEk adierazi du erizainarenaz gainera beste murrizketa bat ere egongo dela Landakon: familia medikuaren ordutegian, uztailaren 29tik abuztuaren 30era. Egun horietan hiru ordu gutxiago eskainiko dituzte arratsaldez. "17:00etatik aurrera doazenak familia mediku barik utzi dituzte. Gero eta gehiago dira hilabete hauetan lan egiten dutenak, eta Durangaldeak kalitatezko zerbitzu bat behar duela uste dugu". Horrelako erabakiek osasun zentroko beharginen baldintzetan daukaten eraginaz ere ohartarazi dute sozialistek.