Zeialeta auzoko espazio publikoa “zelan egin atseginagoa eta zelan hobetu dezakegun, horretarako zer aukera, zer muga, eta zer baliabide dauzkagun”, aztertuko dute, prozesuan parte hartzen duten herritarrek.
Arkitekturan eta ingeniaritzan diharduen Urak Bide taldea dabil Zelaietako prozesua dinamizatzen. Kimetz Munitxa, Hodei Zenikaonaindia, Leire Milikua eta Aiert Buruaga teknikariek dihardute parte-hartze prozesuko tailerrak diseinatzen, eta euren formaziotik eskaini diezaieketen informazioa herritarrei ematen: “Tresnak ematen dizkiegu parte-hartzaileei, herri ikuspegi batetik euren hausnarketak egin ditzaten”.
Jendea zer aurreiritzirekin hurreratu da tailerrera?
Kimetz Munitxa: Lehenengo tailerrean, indar handiko aurreiritzi batzuekin egin genuen topo. Tabernariak, esaterako, beldur dira kotxeak eta aparkalekua kenduz gero, negozioa galduko ote duten. Aurreiritzi horri buelta eman gura diogu guk. Uste dugu bizi handia duen kale atsegin batek (umeak jolasean, gurasoak, jendea elkartzen, berbetan...), onurak ekarriko lizkiokeela herriko komertzioari ere.
Zelan hartu izan dira orain arte hirigintzari buruzko honen moduko erabakiak?
K.M: Eraikuntzaren eta zabalkundearen loraldian bizi izan gara, eta gauzak diseinatzerakoan legedia bete arren, ez da gehiegi pentsatu jendearen ikuspegian. Egunerokoaren eta bizitzaren eskaletatik kotxeenetara pasatu da kasu askotan. Eta horrela ez da sortzen, esaterako, auzoetan bizi den jendea elkartzeko espaziorik: kaleak hustu egin ditugu. Horri buelta eman, eta kaleak biziberritzea da helburua, herriak biziagoak izatea.
Tailerretako bat umeekin egingo duzue, Ikuspegi aldaketa horren adibide.
K.M.: Bai, eta oso pozik gaude eskolan asko inplikatu direlako umeei zuzenduriko tailer horiekin. Eskolako orduetan, frontoian egingo dituzte saioak. Astebete iraungo duen prozesu horregaz, umeak espazioaren diseinuarekin ohitzea gura dugu. Jolasgune bat diseinatuko dute.
Leire Milikua.: Udalak gordeta dauka jolasleku bat atontzeko diru-atal bat 2014rako, eta hainbatean, tailer horretan diseinaturiko proiektua gauzatu ahal izango da. Bigarren eta hirugarren zikloko 100 umek parte hartuko dute tailerrean. Egia esan, ez gabiltza ezer asmatzen: pedagogo italiar batek badauka lan bat egina, eta liburu bat kaleratuta horri buruz: Haurren hiria izenekoa. Bertan egiten duena da, parametroa aldatzea, eta umea hartzea herri edo hiriaren diseinua egiterakoan ardatz. Horren atzean dagoen ideia da, kale hori ume batentzako aproposa eta atsegina bada, beste guztiontzako ere hala izango dela.
Beharbada, kotxea etxe parean aparkatu gura duenak ez du berdin ikusiko.
K.M.: Hori da saihestu gura dugun eztabaida. Saiatuko gara jendeari beste aukera batzuk aurkezten. Kontua ez da “kotxea bai” edo “kotxerik ez”. Egon litezke kale batzuk oso astiro ibiltzekoak; edo kotxeak egon arren, kaleen diseinuak oinezkoari eman diezaioke lehentasuna. Orain, kotxearen baimenagaz dabil oinezkoa. Horri buelta eman gura diogu, eta lehentasunak aldatu. Horretarako baldintzak aldatu behar dira.
Inon ipini dira praktikan aipatzen dituzuenak lako ereduak?
K.M.: Bai, Holandan, Alemanian, Suedian eta beste hainbat lekutan duela 40 urtetik dabiltza horrelako politikak jorratzen.
L.M.: Beste eredu horiek ezagutarazi gura ditugu, hain zuzen.