Umeek auzoa zelan bizi eta ikusten duten ikasten, Zelaietan

Anboto 2013ko mai. 24a, 09:26

Auzoko espazio publikoaren berrantolaketarako, umeen ikuspuntua landu dute eskolako umeekin

\"\"Auzoko espazio publikoaren berrantolaketarako, umeen ikuspuntua landu dute eskolako umeekin.

 

Zelaietako herri eskolako 8 eta 12 urte bitarteko ehun umegaz jardunaldiak egin dituzte asteon, auzoko herrigunea eraldatzeko parte-hartze prozesuaren barruan. Helduekin orain arte buruturiko bi saioetan bezala, auzoko espazio publikoaren berrantolaketarako, herritarren hausnarketak, ekarpenak eta proposamenak biltzea da, prozesua dinamizatzen diharduen Urak Bide taldearen jomuga. Izan ere, hirigintza diseinua egiteko, parametro tradizionalak aldatu eta umeak gura dituzte hartu ardatz moduan. Eredutzat dute Italiako Fano hiriko esperientzia: hirigintzari loturiko gaietan umearen ikuspuntua lantzea auzotar guztientzako onuragarria dela uste dute.

 

Astelehenean, antzezlan bategaz abiatu zuten hirigintzari buruzko jarduna herri eskolan, eta kalean ere hainbat ekintza egin dituzte: urteetan auzoa zelan aldatu den ikasi dute, esaterako, umeek —orain trinketea zegoen lekuan baso bat zegoela, adibidez—, eta ohartu dira, etorkizunera begira aldaketak, hobekuntzak, egitea posible dela. Asteon landutakoa frontoian erakutsiko dute gaur, 16:30etatik 17:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!