Auzoaren eraberritzeari buruzko iritzia eskatuko diete auzotarrei

Anboto 2013ko api. 16a, 12:30

Zelaietaren \"historiako eraldaketa urbanistiko handienari\" buruzko herritarren iritzia jasotzeko abiatuko duten parte-hartze prozesuaren berri eman du Jose Luis Navarro alkateak, gaur

Zelaietaren "historiako eraldaketa urbanistiko handienari" buruzko herritarren iritzia jasotzeko abiatuko duten parte-hartze prozesuaren berri eman du Jose Luis Navarro alkateak, gaur.

 

"Abadiño herri jasangarria bihurtzeko eta herritarren premietara hobeto egokitzeko" burutuko dute, Jose Luis Navarro alkateak esan duenez, hirigunearen eraldaketa proiektua. Milioi bat euroko diru atala bideratuko du Abadiñoko Udalak proiektu hau gauzatzera.

 

\"\"

 

Herritarren iritziak jasotzeko, sei tailer antolatu ditu honelako prozesuetan esperientzia daukan enpresa batek:  Txanporta kultur etxean burutuko dituzte tailerrok, apiriletik ekainera arte. Esaterako, mugikortasunaz eta generoaz jardungo dute, arkitektu eta ingeniariek dinamizatuko dituzten saio horietan.

 

Herritarren proposamenak ere jasoko dituzte, Jose Luis Navarroren berbetan: "Asko eman diezaiokete auzotarrek proiektuari". Alkateak azaldu duenez, herriko elkarteei luzatuko diete batzar horietan euren iritzia ematera joateko gonbita. Bestalde, Udalak martxan ipini duen www.abadinopartehartze.participacionvirtual.com webgunearen bitartez ere eman ahalko dute herritarrek euren iritzia.

 

Azaldu dutenez, lau hilabetez luzatuko da parte-hartze prozesu hori, eta Udalaren aurreikuspenen arabera, proiektua udazkenean esleituta, 2014 hasieran abiatuko dituzte obrak.

 

Hiru alderdien adostasunagaz

Udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdi politikoek, "auzoaren irudia" konpartitzen dutela esan du Jose Luis Navarro alkateak: "Herri ikuspegiarekin ados gaude". Besteak beste, Zelaietaren "nekazal auzo izaera" mantendu behar dela hiru alderdiek uste dutela aipatu du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!