Umeek Zelaietaren berrantolakuntzarako proposamenak helarazi dizkiete udal ordezkariei

Anboto 2013ko eka. 21a, 11:40

Auzoaren berrantolaketa prozesuan parte hartuz buruturiko ekarpenak helarazi dizkiete Zelaietako Herri Eskolako umeek, Jose Luis Navarro alkateari. Txanporta kultur etxean burutu dute, ekitaldia, gaur

Auzoaren berrantolaketa prozesuan parte hartuz buruturiko ekarpenak helarazi dizkiete Zelaietako Herri Eskolako umeek, Jose Luis Navarro alkateari. Txanporta kultur etxean burutu dute ekitaldia, eta Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotzia ere izan da bertan.

 

Txanporta kultur etxea bete dute, goizean, Zelaieta auzoaren berrantolaketarako parte hartze prozesuan parte hartu duten eskolaumeek. Euren "proposamenak aintzat hartu eta erantzutea" eskatu diete ekitaldi horretan, udaleko ordezkari politikoei.

 

Urak Bide tokiko arkitektura eta ingeniaritza taldeko teknikarien gidaritzagaz astebetez buruturiko tailerretan, Zelaieta auzoaren hirigintza hobetzeko 300dik gora ekarpen egin dituzte umeek, eta alkateari hiru CDtan helarazi dizkiete. Horren aurretik, umeen parte hartze prozesua islatuz osaturiko bideoa erakutsi dute: antzerkiaren, eskulanen edota kalean buruturiko ekintzen bitartez umeek auzoaren hirigintza antolaketari buruz zelan hausnartu duten erakusten du.

 

\"\"

 

Eskolako jolastokian aterpe bat eraikitzea proposatu dute, esaterako, umeek. Hain zuzen, eskari horri buruz, "irailetik aurrera gauzatuta ikusiko duzue jolastokiko aterpea", esan die Jose Luis Navarro alkateak. Udalean auzoaren berrantolaketarako erabakiak hartzen dituztenean gainontzeko eskariak ere aintzat hartuko dituztela hitza eman du Navarrok. Umetan egin duten bezala nagusitzean ere "herriko erabakietan parte har dezatela" nahiko lukeela ere esan du Abadiñoko alkateak.

 

Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak, "lan itzela" egiteagatik eta oso baliagarria den informazioa emateagatik eskerrak eman dizkie Zelaietako Herri eskolako umeei. Urak Bide taldeko Kimetz Munitxak ere nabarmendu du, "umeak burubelarri aritu direla Abadiño hobetzeko ideiak lantzen".

 

Helduen txanda, bihar

Auzoaren berrantolaketarako parte hartze prozesuaren barruan Zelaieta hobetzeko proposamenak jasotzeko Nondik hasiko gara? saioa burutuko dute, bihar, 11:00etan, Txanporta kultur etxean. Azken saioa izango da hori, eta herritarren proposamena definituko dute, bertan: "Interes orokorraren alde eta herri biziago eta atseginagoa lortzeko helburuz, kontsentsu handieneko lehentasunak zehaztuko dituzte" biharko tailer horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!