Zelaieta oinezkoentzat egokitu beharragaz ados hiru alderdiak

Anboto 2013ko urt. 26a, 08:09

Autoetarako eta oinezkoentzako guneak orekatu beharra ikusten dute udaleko hiru alderdiek

Autoetarako eta oinezkoentzako guneak orekatu beharra ikusten dute udaleko hiru alderdiek.

 

Abadiñoko Independienteak taldeak proposatu, eta EAJren abstentzioagaz onartu zuten 2012ko udal aurrekontuetan 1.100.000 euroko diru-atala gordetzea Zelaieta auzoa oinezkoentzako egokitzeko. "Aspaldiko kontua da, eta urteak daramatzagu azterketa sakon bat egin behar dela esaten", dio Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak.

 

Udaleko hainbat batzordetan hiru alderdien oniritzia jaso du Zelaietako trafikoa eta oinezkoen guneak berdiseinatzeko egitasmoak. Auzoko kale, bide eta espaloien egungo egoeraren diagnostikoa egin eta herritarren iritzia jasotzeko parte-hartze prozesu bat diseinatuko duen enpresarekin harremanetan ipini da, dagoeneko, udala. Herritarrek egitasmoari buruz duten iritzia jaso gura dute.

 

"Zelaietako hainbat kale oinezkoengan pentsatuta diseinatu ziren, ez autoetarako, eta mugikortasun arazo asko eragin du horrek sarri", dio Eneko Etxebarria EAJko bozeroaleak. Auzoa berriro planifikatzea egoki ikusten du Etxebarriak ere, eta Zelaietako Alde Zaharra babesten lagunduko lukeela ere uste du, gainera.

 

Abadiñoko Udaleko hiru alderdiek (AIk, Bilduk eta EAJk), denek ikusi dute positibo gai honetan lortu duten elkarlana eta adostasuna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!