SD Amorebieta mendeurreneko ospakizunetan murgilduta dago eta gaur mendeurreneko bazkariari buruzko xehatasunak eman ditu. Karmen jaietako marmitako lehiaketaren barruan izango da, uztailaren 19an. "Zornotzako bizilagunen artean hain errotuta dagoen Marmitako Lehiaketaren eguna mendeurreneko bazkaria egiteko unerik onena dela uste dugu", adierazi dute zuzendaritza batzordeko kideek ohar batean.
Egun horretan klubarekin mahaia partekatu nahi duten guztiek (bazkideak, zaleak, jardunean dauden futbolariak, jokalari ohiak, entrenatzaile ohiak...) SDAk San Miguel kalean duen bulegoan eros dezakete txartela ekainaren 25era arte. 25 euroko prezioan honakoa da menua: marmitako errazioa, entsalada, ura, ardoa, garagardoa, freskagarriak eta postrea.
Mendeurreneko Bazkarian izena ematen dutenentzako topalekua hurrengoa izango da: uztailaren 19an, 13:30ean, Zubiondo Plazan jarriko den SDAren txosnan. Oharrean ez dute jakinarazi mahaiaren kokapena non egongo den. "Behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko da, uztaila hasita", zehaztu dute.