SD Amorebietak bere mendeurrena ospatzeari ekin dio 100 urteak oroitzen dituen bandera igota

Anboto 2025ko urt. 4a, 15:28

Eguerdian urteurreneko bandera altxatu dute Urritxen. SD AMOREBIETA

SD Amorebietak mendeurrena bete du gaur, kluba gaurko egunez, 1925eko urtarrilaren 4an sortu zen-eta. Futbol taldeko iturriek jakinarazi dutenez, ospakizunez eta ekitaldiz beteriko urtea izango da 2025a. Besteak beste, Athleticen aurka lehiatuko dira Urritxen; bazkari herrikoia egingo dute Zornotzako jaietako marmitako egunean; dokumental bat kaleratuko dutela ere aurreratu dute. 

Ospakizunetarako arrazoi ugari du SD Amorebieta futbol klubak, urteurren borobil-borobila du-eta aurtengoa. Kluba gaurko egunez sortu zen, orain 100 urte, 1925eko urtarrilaren 4an. Horrenbestez, aurtengo hau dute mendeurren urtea, eta gaurkoa mendeurren eguna. Hori dela eta, ospakizun berezi bat egin dute gaur. 12:00etan, Zornotzako txistulariak lagun, kalejira egin dute udaletxeko plazatik Urritxera. Bidean, urteurreneko bandera garraiatu dute hainbat jokalarik. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Jon Larrea SD Amorebietako presidenteak, Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak, udalbatzako ordezkari politikoek eta Carlos Gomez Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak. Behin Urritxera iritsita, Garazi Ibarretxe, Amaia Gallastegi, Maddi Aurtenetxe eta Naroa Iturrioz bertsolariek kantatu dute. Gero, klubeko hastapenak gogoratu ditu Jon Larreak, eta sasoi hartako lehenengo presidentea, Antonio Gorostiaga, izan du gomutan. Azkenik, urteurreneko bandera altxatu dute, Jon Gonzalez musikari zornotzarrak klubeko ereserkia saxofoiagaz jo bitartean.

Bestalde, Amorebietak zornotzar guztiei begirako ospakizunak antolatuko ditu urte honetan zehar. Aurreratu dutenez, jokalari zornotzarrak Athleticen kontra lehiatuko dira Urritxen. Gainera, herri bazkaria egingo dure Karmen jaietako marmitako egunean. Zelaieta Zentroan klubari buruzko dokumentala aurkeztuko dute, eta Haizetara jaialdiak sari berezia izango du aurten: klubeko ereserkia hobekien interpretatzen duen taldea sarituko dute. Zozketei buruz ere badago zer esan: ONCEk SD Amorebietaren urteurrena oroituko du kupoietan. Zornoza elkarte kulturalak futbol klubean inspiratutako obrarik onena sarituko du ‘Zintzilik’ sariketan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!