ONCEko bost milioi kupoik SD Amorebietaren urteurreneko logoa daramate

Anboto 2025ko urt. 24a, 14:48

Usue Vallejo ONCEk Euskadin duen ordezkaria, Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea, Jon Larrea SD Amorebietako presidentea, Miguel Morado ONCEk Euskadin duen joko-burua eta Roxana Troncea kupoi saltzailea gaur, Urritxen.

Urtarrilaren 30eko zozketara begirako kupoiak dira.

SD Amorebietak mendeurrena ospatzeko ekimen berriaren gaineko xehetasunak eman ditu gaur. Oraingo honetan lankidetza bat da, futbol klubaren eta ONCE gizarte taldearen artekoa. ONCEk urtarrilaren 30eko zozketara begira ateratako bost milioi kupoiek SD Amorebietaren mendeurreneko logoa daramate. Gaurtik salgai daude kupoiak.

Zenbakia eta seriea asmatzen dituenak 500.000 euro irabaziko ditu. Hori da sari nagusia. Horrez gainera, besteak beste, 35.000 euroko 49 sari ere badaude kupoiko bost zenbakiak —seriea barik— egokitzen zaizkionarentzat.

ONCE mendeurreneko parte izatea "ohorea" dela adierazi du Jon Larrea klubeko presidenteak. "Miretsi eta txalotu egiten dugu ONCEk gizarteko esparru guztietan egiten duen lana, baita kirolean ere", gehitu du. Horrekin batera, herritarrak kupoia erostera deitu ditu.

Ondoren, Miguel Moradok hartu du hitza, ONCEk Euskadin duen ordezkariak. "Gure kupoietan gizarteko ekitaldi esanguratsuenetako batzuk islatzen saiatzen gara eta Amorebietaren mendeurrena euretako bat da", adierazi du. Azkenik, Usue Vallejok, ONCEk Euskadin duen ordezkariak, kirolak "elementu integratzaile" moduan duen garrantzia aldarrikatu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!