Iurretako idazkaria kargugabetzeko prozesuaz oposizioa behar bezala ez informatzea onartu du alkateak

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 21a, 08:55

Idazkaria kargugabetzeko prozeduran alkateak "konfiantza falta" erakutsi duela kritikatu dute EH Bilduk eta PSE-EEk. Iñaki Totorikaguenak "onartu" egin ditu "prozedurari dagozkion kritikak". Dena dela,  prozesua "zuzen egin delakoan" dago. Auziak epaitegietan segitzen du.

Iurretako udal idazkariaren aldaketak ika-mika iturri izaten jarraitzen du. Zinegotziek osoko bilkura egin dute gaur goizean eta oposizioak (EH Bildu eta PSE-EE) aurreko idazkaria zergatik kargugabetu zuen galdetu dio Iñaki Totorikaguena alkateari. Totorikaguenak idazkariaren aldaketa eskatzeko hiru arrazoi egon zirela defendatu du: Bat. "Udalaren egitureran esperientzia gehiago izatea". Bi. "Iurretako hirigintza proiektuetan ezagutza gehiago izatea". Eta hiru. "Administrazio elektronikoan" ezagutza gehiago izatea.

EH Bilduren arabera, hankamotz leudeke alkatearen azalpenok. "Kapituluak faltako" lirateke. Hori dela eta, Liher Aiartzaguena bozeramaileak alkateak urrian emandako azalpenak ekarri ditu gogora. Ordu hartan, azalpenen artean, "feeling falta" ere bazegoela gogoratu du. (EH Bilduk urrian hedabideetara igorritako oharrean, alkateak idazkaria aldatzeko argudioen artean "langile batzuen artean sortu diren gorabehera batzuk" zeudela aipatu zuen, besteak beste).

Kritikak ulertu eta onartu ditu alkateak

Idazkaria kargugabetzearen mamia bakarrik ez. Kargugabetze prozesuan alkateak izandako jarrera ere kritikatu dute oposizioko alderdiek. Alkateak "konfiantza falta" erakutsi duela uste dute. "Idazkariak berak gugana jo zuelako enteratu ginen berau udal organigramatik kanpo zegoela", esan du Aiartzaguenak. "Gugana jo izan ez balu, dekretu bidezko kargugabetze lez jakingo genuke honen berri. Lehen akatsa, konfiantza falta izan da. [Urriko] batzarraren aurretik jakin izan bagenu hau guztia, bestelakoa zatekeen gai honen bilakaera" gaineratu du.

PSE-EEko Marian Muñoz zinegotziak antzeko berbak izan ditu. "Protesta egin gura dut. Errespetu faltaren antzeko zerbait sentitu dut. Alkatearen dei bat eskertuko nukeen, kargugabetzea gauzatu zela azaltzeko. Prentsaren bidez enteratu gara honetaz guztiaz. Azalpenak berandu datoz", kexatu da.

Iñaki Totorikaguenak "ulertu eta onartu" egin ditut kritikak. "Prozedurari dagozkion kritikak onartzen ditut. Abisua jaso ez izana ulertzen dut", adierazi du. "[Idazkaria aldatzeko] arrazoiak eta prozedurak txostenean daude. Dena zuzen egin delakoan gaude", gaineratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak aintzat hartu zuen alkatearen eskaria, eta ordutik hona, Zornotzako Udalean lanean ari den idazkariak Iurretakoan ere badihardu, modu metatuan. Gai honen auzi juridikoa Durangoko epaitegian dago.

GERTAKARIEN KRONOLOGIA

  1. Alkateak lanean hilabete batzuk daramatzan udal idazkaria aldatzeko eskaria egiten dio Bizkaiko Foru Aldunariari. Eskaria, "udalaren funtzionamendu onagatik eta herria hobetzeko beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko" egin zuela arguditatu zuen alkateak. EH Bilduk, aldiz, azaldu zuen alkateak honako argudioak eman zizkiola: "langile batzuen artean sortu diren gorabehera batzuk" eta "erronka berriei aurre egiteko kualifikazio gehiago duen idazkariaren beharra".
  2. 2020ko urria. EH Bilduk idazkaria kargugabetzeko argibideak eman ez izana leporatzen dio alkateari. "Ez dugu inolako deirik ez mezurik jaso erabaki honen berri emateko", kritikatu zuen koalizioak.
  3. 2020ko azaroaren 10a. Kargugabetutako idazkariak alkatea eta kontu-hartzailea salatu zituen. Alkatea "prebarikazioagatik" eta kargugabetutako idazkariari berari eragindako "lan-jazarpenagatik". Kontu-hartzailea, berriz, udaleko beste langile bati eragindako "lan-jazarpenagatik".
  4. 2020ko azaroaren 13a. EH Bilduk osoko bilkura deitzea eskatzen dio alkateari, "azalpenak emateko".
  5. 2020ko azaroaren 17a. Durangoko Herriaren Eskubidea alderdiak Iurretako alkateak Mankomunitatean duen kargua eteteko eskatzen dio Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteari. Amankomunazgoko Tokiko garapenaren batzordeko burua da gaur egun Iñaki Totorikaguena.
  6. 2020ko azaroaren 18a. Durangoko epaile batek alkatearen aurkako diligentziak zabaldu zituen, kargugabetutako idazkariari lan jazarpenik eragin ote zion ikertzeko.
  7. 2020ko azaroaren 25a. Bizkaiko Foru Aldundiak lurretako alkatearen eskaria onartu zuen. Ondorioz, udalak idazkari berria onartu zuen. Zornotzako Udalean lan egiten duen idazkarian modu metatuan egiten du lan Iurretan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!