Udal idazkari berria izendatu dute Iurretan

Anboto 2020ko aza. 25a, 21:17

Iurretako alkateak egindako eskaria onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak eta estatuko gaikuntza duen udal idazkari berria izendatu du, Zornotzako Udalean betetzen duen eginkizunari metatuta jardun dezan. Izendapen horrek, martxotik hona jardun duen bitarteko idazkariaren kargu-uztea ekarri du. Azken horrek ustezko prebarikazioa egotzi dio Iñaki Totorikaguena alkateari, eta, behin-behineko kontu-hartzaileari, aurretik zegoen langilearen aurkako laneko jazarpena. 

Iurretako alkateak  berretsi du "arrazoi objetboak" tarteko egin zuela idazkaria aldatzeko eskaria, irailean. EH Bilduk "lanpostu publiko baten kargu-uztea justifikatzeko kuantifikatu daitezkeen arrazoi sendoak" bota ditu faltan.

Idazkaria aldatzeko aldundiari eskaria egiteko arrazoien artean barne-antolamendua, herriaren ezagutza maila eta karguan izandako esperientzia arrazoitu ditu Iñaki Totorikaguena alkateak. Gaineratu du,  aurretik ere, Iurretako Udaleko idazkari  jardun izan duela orain izendatu berri dutenak. Zortzi urtez izan zen idazkaria Iurretan. Idazkari berriaren izendapenerako prozedura guztia "berme guztiekin" egin dela azaldu du Totorikaguenak, Zornotzako Udalaren eta bertako idazkariaren adostasunagaz. Iurretako Udaleko idazkari berriak %30eko lanaldi metaketagaz jardungo du, lanpostua erabaki bitartean.

EH Bilduk salatu duenez, "ezer baino lehen, bitarteko idazkariari borondatez karguari uko egitea eskatu zitzaion". Eta berak horri uko egin ondoren etorri da Zornotzan betetzen duen eginkizunari metatuta  hango idazkariak Iurretan jarduteko eskaria, azaldu dutenez. Kargu-uzteari buruzko justifikazioa falta dutela nabarmendu du koalizio independentistak. Oposizio osoak (EH Bildu eta PSE-EEk) kargu-uztearen zergaitik argitzeko eskaria egin zuela nabarmendu dute, eta argibiderik ez dela eman esan azpimarratu dute.

Prozedura bertan behera uztea eskatu du bitarteko idazkariak aldundian

Martxotik Iurretako Udaleko idazkaritza kargua izan duenak  Bizkaiko Foru Aldundiari  eskatu dio kontutan har dezala Durangoko 3. Instrukzio Epaitegiak Iñaki Totorikaguena alkatearen kontra zabaldutako diligentzia. Idazkaria izan denari "lan jazarpena" eragin diezaiokeelakoan abiatu du ikerketa epaileak. Era berean, eskatu du bertan behera uztea udal idazkariaren lanpostu betetzeko alkateak abiatutako prozedimendua. Erantzukizunak argitu bitartean prozedimendua "eten" egin behar dela nabarmendu du.

Iurretako alkatea eta udaletxeko kontu-hartzailea salatu zituen hilhonen hasieran, orain arte udal idazkaria izan denak. Ustezko prebarikazioa egotzi zion alkateari, eta, behin-behineko kontu-hartzaileari, aurretik zegoen langilearen aurkako laneko jazarpena. Gertaerak ikertzea eskatu dio Aldundiari. Bai epaitegian bai Foru Aldundian aurkeztutako dokumentuan "irregulartasun ugari" jaso dituela gaineratu zuen idazkariak.

Bestalde, Iurretako alkatearen erabakia eta jarraitutako prozedura Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioari salatuko zizkiola adierazi zuen,  “hartutako erabaki arbitrarioaren larritasuna ikusita, udal idazkariari defentsa eza eragiten baitio, zalantzan jartzen du haren gaikuntza eta kualifikazioa, eta udalean atzemandako irregulartasunak ezkutatu nahi izatea baino ez du erantzuten eta”.

Aurrekariak

Iurretan eztabaida sortu zuen urrian udaleko idazkaria kargutik kentzeko alkateak egindako eskaerak. EH Bilduk ezohiko bilkura egiteko eskaria egin zion erabaki horri buruzko azalpenak exijitzeko. Koalizioak informe juridikoa ere eskatu zuen, argitzeko, ea alkateak "horrelako erabakirik hartu dezakeen udalbatza barik". Alkateak arrazoitu zuenez, "udalaren funtzionamendu onagatik eta herria hobetzeko beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko" eskatu zion Foru Aldundiari, idazkaria aldatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!