Udaleko idazkaria kargutik kentzeko eskatu dio Iñaki Totorikaguena alkateak Bizkaiko Foru Aldundiari. Gaur, Iurretako udal idazkariak ohar batean azaldu duenez, salaketa jarri du epaitegietan. Dokumentu horretan "irregulartasun ugari" jaso dituela gaineratu du idazkariak. Iñaki Totorikaguena alkateari ustezko "prebarikazioa" leporatu dio. Behin-behineko kontu-hartzaileari ostera, aurreko langilearen aurkako laneko jazarpena egotzi dio. Idazkariak prentsa oharrean azaldu duenez, "alkateak bere aldetik hartu du erabakia, korporazioari zesearen berri eman gabe". Oharrak dioenez, "alkateak udal idazkariaren kualifikazio falta hedabideetan azaldu ondoren idazkariak erabaki du gertatzen ari dena jendaurrean azaltzea".
Udal idazkariak azaldu duenez, Iurretako alkatearen erabakia eta jarraitutako prozedura Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioari salatuko dizkio “hartutako erabaki arbitrarioaren larritasuna ikusita, udal idazkariari defentsa eza eragiten baitio, zalantzan jartzen du haren gaikuntza eta kualifikazioa, eta udalean atzemandako irregulartasunak ezkutatu nahi izatea baino ez du erantzuten eta”.
Aurrekariak
Iurretan eztabaida sortu du udaleko idazkaria kargutik kentzeko eskaerak. EH Bilduk ezohiko bilkura egiteko eskaria egin zion duela bi aste alkateari, erabaki horri buruzko azalpenak exijitzeko. Koalizioak informe juridikoa ere eskatu zuen, argitzeko, ea alkateak "horrelako erabakirik hartu dezakeen udalbatza barik". Iñaki Totorikaguena alkateak arrazoitu zuenez, "udalaren funtzionamendu onagatik eta herria hobetzeko beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko" eskatu zion Foru Aldundiari, idazkaria aldatzea.