Iurretako alkateak Amankomunazgoan duen kargua etetea eskatu du Herriaren Eskubideak

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 17a, 21:11
Amankomunazgoko ordezkariek 2019ko abenduan egindako osoko bilkura. ARTXIBOA.

Duela egun gutxi Iurretako idazkariak alkatea "ustezko irregulartasunengatik" salatu duela-eta, Herriaren Eskubideak dio Iñaki Totorikaguenari Amankomunazgoan duen kargua eten beharko litzaiokeela, "integritate etikoagaitik eta prebentzio printzipioagaitik".

Herriaren Eskubideak Iurretako alkateak Amankomunazgoan duen kargua eteteko eskatu dio Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteari. Amankomunazgoko Tokiko garapenaren batzordeko burua da gaur egun Iñaki Totorikaguena.

Talde moreak oharra igorri du hedabideetara, eta bertan argitu ditu eskari horren argudioak. Herriaren Eskubidearen esanetan, "integritate etikoagatik eta prebentzio printzipioagatik" eten beharko luke Amankomunazgoak Totorikaguenaren jarduna. "Iurretako idazkariak alkatea salatu du berriki, kontratu txikietan egindako ustezko irregulartasunengatik. Kontuan hartu behar da Iurretako alkatetza edukitzeaz gainera, Iñaki Totorikaguena Amankomunazgoko Tokiko Garapenaren Batzordeko burua dela, eta, horrenbestez, aipatutako administrazio publiko horretan kontratu txikiak esleitzeko eta aukeratzeko gaitasuna duela".

Neskutz Rodriguez zinegotzi durangarra da Herriaren Eskubideak Amankomunazgoan duen ordezkari bakarra. Rodriguezek adierazi duenez, ez dute Totorikaguenaren dimisioa eskatu; kargua behin-behinean eteteko baino. "Jarduna etetea eskatzen dugu, ez dimisioa, ustezko irregulartasunak eta prozesu judiziala argitu arte", adierazi du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!