Iurretan eztabaida sortu du udaleko idazkaria kargutik kentzeko eskaerak

Aitziber Basauri 2020ko urr. 21a, 10:45

Iurretan eztabaida sortu du udaleko idazkaria kargutik kentzeko eskaerak. EH Bilduk ezohiko bilkura egiteko eskaria egin dio alkateari, erabaki horri buruzko arrazoiak exijitzeko. Koalizioak informe juridikoa ere eskatu du, argitzeko, ea alkateak "horrelako erabakirik hartu dezakeen udalbatza barik". Iñaki Totorikaguena alkateak arrazoitu duenez, "udalaren funtzionamendu onagatik eta herria hobetzeko beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko" eskatu dio Foru Aldundiari, idazkaria aldatzea.

"Duela pare bat aste jakin genuen Iurretako alkateak udal idazkaria bere kargutik kentzea nahi duela eta beste behin ere alkatearen eskutik ez dugu inolako dei ez mezurik jaso erabaki honen berri emateko", kritikatu du EH Bilduk. Koalizioak azaldu du "denbora luzez idazkari gabe" egon dela udala (udaleko beste langile bat aritu da idazkari lanak egiten)", eta idazkari berria martxoan hasi zela lanean.  EH Bilduren esanetan, alkateak arrazoi nagusi bi eman ditu idazkariaren jarduna eteteko: denbora tarte honetan "langile batzuen artean sortu diren gorabehera batzuk" batetik, eta "erronka berriei aurre egiteko kualifikazio gehiago duen idazkariaren beharra" bestetik. EH Bilduk ez ditu "inondik inora" partekatzen argudio horiek.

Koalizioaren ustez" langileen arteko gatazka hauek bideratzea Alkateari dagokio".  Era berean, "deigarria" deritzoe "duela 6 urte Idazkariaz gain idazkari albokoa ere derrigor behar zela defendatzen zuen pertsona berdinak, ustez udalak aurre egin beharreko erronka berriei erantzuteko, beste udal batean lanean ari den idazkari bat bere jardunari %30 gehituz lanera etorrita nahikoa dela defendatzea".

"Arduraz" eta "erantzukizunez" jokatu duela dio alkateak

Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez, administrazio antolaketaren arloko barne gaia izanik, hari dagokion eskumena dela idazkariaren kargu uztea. "Horregaitik eta aztertu ondoren idazkari profilari beste norabide bat ematea erabaki zen. Batzuetan, norberak hartu behar ditu errazak ez diren erabakiak", dio.  Baina, "arduraz" eta "erantzukizunez" jokatu behar duela gaineratu du, "udalaren funtzionamendu onagatik eta herria hobetzeko beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko". Nabarmendu duenez, "baldintza horiek ez ziren betetzen egon den pertsonarekin eta horregaitik eskatu zitzaion Foru Aldundiari aldaketa erabaki dezan, esan duenez. Denei azalpenak eta arrazoiak eman zaizkiela dio Totorikaguenak, eta gogoratu du jarraitu den espedientea denen eskura dagoela.

EH Bilduren ustez, "erabaki bat alkatearen eskumenekoa izateak (hala bada) ez du eragozten gainontzeko alderdi eta ordezkarion iritzia zein den galdetzea".  Eta uste du "neurri honetako erabaki bat" hartu aurretik beraiekin berba egin beharra zeukala. Erabaki horren inguruko arrazoiak exijitzeko ez-ohiko bilkura deitzeko eskaera erregistratu dute udaletxean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!