Durangoko Larrialdiak

Larrialdietan erizain bat gehiago egotea eskatu du Legebiltzarrak

Anboto 2014ko abe. 2a, 16:16

Durangoko larrialdi edota arreta jarraituko gunean bigarren erizain bat egotea eskatu du Legebiltzarrak, EH Bildu, PSE-EE eta PPren botoekin; EAJk kontra bozkatu du. Zentroko beharginek sarritan kritikatu izan dute baliabide falta dutela, eta euren eskaeretako bat betetzeko bidean dago erabakiagaz.

BEREZIA

Urtetan pilatutako arazoak iazko apirilean egin zuen eztanda. Landakoko larrialdietako beharginak sinadurak batzen hasi ziren, euren lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Euren arabera, lan kargak gora egin zuen azken urteetan, baina lan taldeagaz ez zen gauza bera gertatu. Larritzat jotzen zuten, gainera, erizain bakarra egotea. Izan ere, irteeraren bat egotean erizain barik geratzen ziren anbulategian. Egoera horrek herritarren osasunean eragina izan ahal zuela-eta kezkatuta zeuden, eta 380 arazo edo gertakariren aktak zeuzkaten.

Gainera, espazio falta salatu zuten, eta anbulantzia medikalizatua ere bai –ZIU anbulantzia hori Gernikatik zetorren–. Anbulategian espazioa irabazteko obra egin dute, eta anbulantzia beri bat ipini dute, baina ez medikalizatua.

Langileen eskariak kontuan hartuta, PSE-EEren ekimena izan da gaia berriro eztabaidatzea, eta sozialistek eta EH Bilduk adostutako testua da onartu dutena. Orain Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da Eusko Legebiltzarrak hartutako erabaki hori betetzea. Rebeka Uberak (EH Bildu) adierazi du "gainean" egongo direla onartutakoa betearazteko. Herritarrengan pentsatuz, zerbitzua hobetzeko nahia erakutsi du Uberak: "Ea lortzen dugun urtetako arazo hau konpontzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!