Gizon bat atxilotu zuten bertan sexu erasoagatik; eta iaz andra bat hil zen, leihotik behera erorita.
Tabirako Fundifes enpresa abandonatuan gertatu diren bi ezbeharren aurrean, enpresako jabeek “erantzunkizunez” jokatu dutela adierazi dute: “Okupazio ilegala salatu genuen Ertzaintzan, eta polizia indarren esku utzi dugu bertan gertatzen dena”. Hainbat pertsonak bizilekutzat hartua du abandonatutako eraikina.
Azken gertaera, joan zen eguenean jazo zen. Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen eraikinean, ustez emakume bati sexu erasoa egin ziolakoan. Ertzaintzaren bertsioa honakoa da: Tabira auzoan, 22:00etan, gizon batek fabrika batean lo zegoen emakume bati hartu-eman sexualak izatea proposatu zion, eta, ezetz erantzun ostean, gizonak emakumea heldu eta arrastaka eroan zuen; emakumearen aldarriak entzun zituzten bere senide eta lagunek, eta laguntzera joan ziren. Ustezko erasotzaileak suzko arma bategaz mehatxu ere egin ziela zabaldu du Ertzaintzak. Biktimaren hurrekoek Ertzaintzari deitu eta 34 urteko gizona atxilotu zuten.
Joan zen ekainean, berriz, abandonatutako fabrikako bulegoko leihotik jausita, Bilboko 31 urteko emakume bat hil zen. Egun batzuk beranduago, Ertzaintzak emakumearen bikotekidea atxilotu zuen, hilketa egotzita.
Birkalifikazio eskaera
Fundifes enpresaren jabeak, bertan eta Otsaila XXI enpresetan jardun zuten langileak dira. Urteak daramatzate udalari 16.000 metro koadrodun lurren birkalifikazioa eskatzen. Urteotan hainbat mobilizazio antolatu dituzte Durangon. 2010eko martxoan itxialdia egin zuten udaletxean. Udalak birkalifikazioa egiten denean lurzoru horri dagokion dentsitateagaz egingo dela azaldu du.
EAJ:“Jabego pribatua denez, udalak ezin du ezer egin”
Udalak Fundifesen kasua gai zibil edo penala dela azaldu du, “ez administratiboa”. EAJren gobernu taldeak dioenez, “jabego pribatua denez, udalak ezin du gauza handirik egin”. Montebideon eta Artekalen antzeko kasuak gertatzen direla diote jeltzaleek: “Egin dezakegun bakarra jabeak informatzea da eta, gura badute, jabeei laguntzea”. Bilduk kritikatu egin du udalak eta udaltzaingoak oraindik informaziorik eman ez izana: “Eraso sexista honen aurrean gure elkartasun osoa adierazi gura diogu erasoa jasan duen emakumeari”. Ildo beretik jarraituta, Aralarreko Dani Maezturen berbetan, udalak hondamen espedientea zabaldu beharko luke, “eraikina eta hari atxikita dagoen pabilioiaren hondamena deklaratzeko”. |