Ekainaren 16an, leiho batetik erorita, Durangon, hil zen emakumearen heriotza salatzeko mobilizazioak deitu dituzte gaurko. Horretara, "emakumeen kontrako indarkeria kasu gisa baieztatua izan delarik", Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformak elkarretaratzeak dietu ditu herrietan. Durangon, Andra Marin egingo du, 20:00etan. Durangoko Udalak udaletxearen aurrean deitu du, ordu berean.
Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak adierazi dute Durangoko Udalak deitutako protesta ekintza horretan hartuko dutela parte.
Abadiñoko Udalak hilketa "arbuiatu" eta Durangokoak antolatutako elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak; baita horrelako hilketa "gaitzestera" ere. Elorrioko Udalak, berriz, elkarretaratzea deitu du, gaur, 19:00etan, Gernikako Arbola plazan. Iurretako Andereak plataformak ere "arbuiatu" du hilketa.
Hasiera baten emakumeak bere buruaz beste egin zuela zabaldu zen arren, heriotza ikertzen hasi eta 31 urteko emakumearen bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak joan zen martitzenean. Hasieran "badaezpadako" neurri gisa. Eguenean, berriz, epailearen aurrera eroan zuten eta horrek gizonezkoa kartzelaratzeko agindua eman zuen.
Genero indarkeriagaz lotuta aurten Euskal HErrian gertatutako bigarren hilketa baieztatua da Durangokoa. Apirilean Yanela Zaruma 22 urteko emakumea hil zuen bikotekide ohiak, eta epailearen aurrean aitortu egin zuen emakumea ito eta Beriaingo Morea aintzirara (Nafarroa) bota zuela gorpua.
Plataformak adierazi duenez, «gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa» da emakumeen kontrako indarkeria: «Emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia oroz ari gara: sexu erasoak, prostituzio behartua, lantokietako sexu jazarpena, jipoiak eta hilketak...». Indarkeria «patriarkatuaren oinarrian» dagoela ere adierazi du. «Eta horrek gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia».