Fundifesen lurretarako plangintza bat eskatu dute behargin ohiek

Anboto 2011ko mai. 18a, 12:50

Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin dute duela hiru urte zarratutako enpresako langile ohiek. Sindikatuek nabarmendu dutenez eraikina \'jaustear\' dago eta langile ohiak \'krisiaren alderik txarrena jasaten dabiltza\'. Gaia datorren legegintzaldiko \'lehentasunen artean\' egotea exijitu dute

Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin dute duela hiru urte zarratutako enpresako langile ohiek. Sindikatuek nabarmendu dutenez eraikina "jaustear" dago eta langile ohiak "krisiaren alderik txarrena jasaten dabiltza".
Gaia datorren legegintzaldiko “lehentasunen artean” egotea exijitu dute.

Fundifes eta Otsaila enpresako langile ohiak ordezkatzen dituzten bost sindikatuek "legegintzaldi berrian Fundifesen arazoa konpontzeko" eskatu dute, Durangoko udaletxe aurrean elkartuta. ELAko Unai Martinezen berbetan, hiru ikuspuntutatik da "beharrezkoa" Fundifes zegoen lekuan plangintza bat egitea: "herritarren intereserako zerbait egitea komeni delako, atzean kalte ordain barik geratutako langileak daudelako, eta ingurugiroari begiratuta kalteak egin ditzaketelako fundizioaren hondakinek". Segurtasun eza ere nabarmendu du: "Inoiz jendea eraikin barrura sartu da lo egitera, eta egunen baten ezbehar bat gertatuko da eraikina jausten bada". Duela urte beteko proposamenak albo batera utzita, "arazoa konpontzea baino ez" dutela gura nabarmendu dute sindikatuek. Ez dute plangintza konkreturik proposatu: "Gure lana ez da Durangoren plangintza urbanistikoa egitea". Udal berriko hirigintza batzordea eratzen dutenean gai honi "lehentasuna ematea" eskatu dute.

Behargin ohien egoera

2008ko maiatzean zarratu zuten Fundifes. enpresako langile gehienak 50 eta 60 urte bitartekoak direla nabarmendu du USO enpresako Jesus Mari Vicentek: "langabezi saria amaitu zaie eta batzuk aurrejubilazioa eskuratu badute ere, beste askok ez dute adinik hori lortzeko. Adin horretan, eta krisian, gainera, gaitza da lan berri bat topatzea". Fundifes zarratzerakoan, ugazabek kalteordainak eman beharrean eraikina utzi zuten langileen esku: "beharginek duten bakarra lursail hori da"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!