Jesus Mari Vicente USO sindikatuko kidea izateaz gainera Fundifés enpresako langilea izan da. Gose greba hasi du, eta bere arrazoiak ezagutu nahi izan ditugu.
Jesus Mari Vicente (Basauri, 1948) USO sindikatuko kidea izateaz gainera Fundifés enpresako langilea izan da. Enpresa itxi ondoren, langileei irtenbiderik justuena emateko plana egituratu zuten berak, gainerako sindikatuek eta langileek elkarlanean. Neurri nagusienak enpresak hartzen dituen 16.000 metro karratuak birkalifikatzea eskatzen du. Durangoko Udalak gehiegizkotzat jo du eskatutakoa. Horregatik gose greba hasi zuen abenduaren 21ean.Aitziber Irigoras Durangoko alkateak gehiegizkotzat jo du zuek eskatutako birkalifikazioa, lur zatia dagoen tokian egonda gehiegizko eraikuntza planteatzen zuelako.
Gure partetik ez da eraikin alturik egiteko proposamenik egin. Guk beti esan dugu ekosistema zaindu nahi dugula; eta legeak definitutako parametroen barruan lurren aprobetxamendurik onena nahi dugula. Eztabaida beti ere gehienez lau pisuko eraikinak oinarri hartuta eman da, inoiz ere ez lau pisuko eraikinak baino altuagoak mintzagai hartuta. Guk zera eskatzen dugu: legea errespetatuta ahalik aprobetxamendurik onena eman dadila, ahalik eta prezio justuena lortuz. Udaleko teknikariak eta SGOLekoak (lur zatia zelan gestionatu erabakitzeko ardura duen sozietatea, langileek sortutako) ikertzen aritu dira; eta ez da izan gainetik egindako ikerketa bat, baizik zehatz zenbat etxebizitza izango diren zehaztuko dituena. Beraz, ez gara kasu hipotetikoei buruz ari; gauza konkretuei buruz gabiltza, alde bateko zein besteko teknikoek erabakitakoaren gainean, beti ere unean uneko legedia errespetatuz. Sentsibilitate soziala nahi genuen, baina ez dute erakutsi. Eraikin altuen kontua aitzakia legez erabili dute birkalifikazioa ez gauzatzeko. Lurrak ez birkalifikatzeko beste arrazoirik baldin badago esan dezala, baina ez dezala aitzakia hori ipini.
[img]http://www.anboto.org/images/6800/6833/1.jpg[/img] Zuen proposamena negoziatzeko prest zaudete?
Jakina. Plan sozialari aurre egiteko lur hauek eman dezaketena baino diru gehiago behar zela argi genuen hasieratik. Sasoi hartan ere ikusten zen obligazio guztiei aurre egiteko kapaz ez baginen, gure pretentsioak jaitsi beharko genituela. Negoziatzeko prest gaude. Gainera, negoziazioa teknikoek tasatu dute, nolabait esatearren. Eurek dira esan dezaketenak planteatu dena gauzatu daitekeen edo ez. Egiten den balorazio tekniko horretatik datorrena onartuko dugu. Beraz, kontu hau aurrera eramateko erraztasunak ematen ari garela deritzot. Azken batean, prezioa ez du Udalak zehaztuko, balizko eskaintza eta eskariaren legeak baizik.
Kontu honeki urte askoan zabiltzate.
Bai eta langile batzuei amaitu zaie langabeziko laguntza. Otsaila enpresatik zetozen langileek, batez beste, 13 hilabeteko paroa zuten eta Fundifésekoek ia 24 hilabete. Kontratuak amaitu zirenetik ona (2008tik maiatzean) 18 bat hilabete joan dira. Badakit badaudela familiak etxea utzi behar izan dutenak ezin dietelako hipotekei aurre egin. Ez da serioa. Ondasun bat diru bilakatzeko aukera erreala egonda, beti ere helburu sozialetarako eta familiei lagundu nahian, ez dute egin.
Zer gertatu da ELA sindikatuarekin?
ELAk eta sindikatu horretan afiliatutako Fundiféseko 16 langilek lurrak ez birkalifikatzeko eskatu dute, banaketan berdintasuna bermatu arte eta plan sozialeko puntu guzti-guztiak beteko direla bermatu arte. Plan soziala bere osotasunean beteko da lurrek horretarako ematen badute. Bestela ezinezkoa da. Planean ere aurreikusten zen hori; garbi utzi zen gehiengora iritsi ezik, zenbateko ekonomikoak jaitsi egin beharko zirela. Sasoi hartan, beharrizan guztiei aurre egiteko zenbateko kopurua 18 milioi euroan zegoen. Berdintasuna, aldiz, bermatuta dago.
Zergatik orduan ELAren mesfidantza?
Fundiféseko langileek 25.000 euro jaso dituzte eta Otsailekoek 5.000, bere sasoian jaso zutelako gainerakoa. Berdintasuna parametro justuen barruan kokatu beharra dago. Ezin duzu hasiera puntua hutsean ezarri, batzuek aurretik 20.000 euro jaso dituztenean eta besteek 5.000. Hor dago aldea.
Idatzi bat eman zenion alkateari abenduaren 10ean.
Esaten nion berak ez zuela ez beharrik ez obligaziorik jarduera ekonomikoari irtenbidea emateko; are gutxiago enplegua sortzeko. Baina bere erantzukizuna den heinean, lur horiek ahalik eta arinen birkalifikatzeko bere eskuetan zegoen guztia egiteko eskatu nion.
Azkenean gose greba egitea erabaki duzu.
Egoera limitea da familia askorentzako eta horretara behartuta sentitu naiz. Udalak erabaki bat hartu dezala nahi dugu. Eskatutakoaren haritik badoa hobeto, baina ez badoa ere, erabaki bat hartu dezala behingoan. Ez diezagutela gehiago adarrik jo. Prozesua aurrera doan heinean egoera aldatu egiten da eta hori ezin daiteke onartu. Egoera sostengaezina da, erantzukizun bat dut eta bere ondirio guztiekin onartzen dut.
Sekula ez da erabaki erraza.
Erabaki pertsonala eta meditatua da. Nik ordezkatzen dudan sindikatua ez dago ados nik gose greba egiteko hartu dudan erabakiarekin. Ez dago ados irtenbideak bilatzeko gose grebak egitearekin. Baina ni USOko Euskadiko idazkari nagusia naiz, baina baita enpresa honetako langilea ere. Erantzukizun bikoitza dut; Udalak hartu ez dituen erabakiek bultzatu naute gose greba honetara. Bizitzan batzutan ez da nahikoa predikatzea; esandakoak praktikan jarri behar dira batzutan.
Zuk ordezkatzen duzun sindikatuaren babesa ez, baina langileena sentitzen duzu?
Langileena eta nik ordezkatzen dudan sindikatuaren babesa, biena nabari dut. Nire erabakiarekin bat ez etortzeak ez du esan nahi auzi honetan lanean gogor ari ez direnik. Beraz, alde bietatik nabari dut babesa.
Eta hemendik aurrera, zer? Pilota Udalaren teilatuan dago?
Atzo beste idatzi bat eman genion, SGOLeko aholkulariek, Otsaileko komiteak eta USO, UGT eta CCOOk sinatuta. Bere sasoian hartutako erabakiak berretsi ditugu eta diruaren banaketa berdintasun egoeran emango dela berriz ere adierazi. Beraz, nire ustez orain eurena da hurrengo urratsa.
[img]http://www.anboto.org/images/6800/6833/2.jpg[/img]
AURREKARIAK
Soka luzea du auzi honek guztiak; 2004tik honakoa, hain justu. Ordutik hona eman diren pausu, erabaki era gorebeheren laburpen zehatza egiteak liburu bat eskatuko luke. Baina Jesus Mari Vicentek sintesiaren sintesia egin digu, auzi honetan emandako pausurik garrantzitsuenekin eta horien gaineko bere iritziarekin:
\"Etxebarriko lur-zati batzuen salmentagaz hasi zen historio hau guztia. Lantaldeko zati bat hantxe zebilen lanean. Lur zati horiek berkalifikatu egin ziren eta langile guztiak Otsaila izeneko enpresa baten parte izatera pasatu ziren. Helburua langile guztiak Basauriko Sidenor enpresara eramatea zen, sasoi hartako Sidenorreko jabeak, Arrita familia, horretara konprometitu zirelako. Han zegoen burdinola Madrilera tokialdatu zen eta asmoa eraikina hark utzitako tokian kokatzea zen. Sasoi hartako langileek 9,9 milioi euro ipini zituzten proiektu industrial berri horretarako; diru hori jasotako kalte-ordainetatik ipini zuten. Fase bi zeuden; lehenengoan Fundifésen elkarrekin lan egingo genuen eta, teorian, 2007rako Basaurin prest egongo zen eraikin berria. Sidenor saldu zenean hori bertan behera geratu zen. Sidenorreko jabe berriek ez zuten kontu honekin aurrera egin nahi. Enpresa biak prozesu konkurtsalera atera zituzten. Ondorioz, langileok egoera guk geuk bideratu beharrean aurkitu ginen berriro.
Orduan plan berria landu genuen. Administrazio konkurtsalak ere parte hartuko zuen plan horretan. Gestiber izeneko gestio taldea kontratatu genuen egoera aurrera atera zitekeen aztertu zezan. Udalak ere bazekien gure pausuen berri eta langile guztiak maila berean tratatu genitzan eskatzen ziguten. Hori horrela egitea erabakita genuen aurretik ere: Etxebarrin zein Durangon zebiltzanak, denak lan talde bereko langile moduan hartzen ditugu. Beraz, lehenago aipatutako 9,9 milioi euroak jarri zituztenean halako babes moduko bat lortu zuten: Fundiféseko lur-zatiak.
Horiek horrela, proiektu industrial berria lantzen hasi ginen. Langileak hiru taldetan banatzeko akordioa lortu genuen: lanean jarraitu nahi dutenak (Gasteizen kokatutako proiektu industrial batean) , prejubilazioan zeudenak eta fase hori amaitu gura zutenak, eta, adinez aurretiko prejubilazioak (62 urterekin). Talde horietako baten ere egon nahi ez zuenak ordainpeko baja hartu zezakeen. Horixe da 2008ko apirilean sindikatu guztiok (LSD-USO, ELA, UGT, CCOO eta LAB) eta langileok akordatu genuena.
Beste dokumento bat ere landu genuen. Dokumento horren arabera lurren birkalifikazioarekin eta salmentarekin lor zitezkeen irabaziak plan sozialera bideratuko ziren, ez beste ezertara. Baina lurrak ez birkalifikatzeak proiektua ezinezkoa egiten du, edozelakoa izanda ere. Planari gorputza ematen diona lur horien salmentatik datorren dirua da.\"