"Rock gordina da maketako kantak lotzen dituen haria"

Anboto 2011ko urr. 12a, 08:57

Durangoko jaietan, San Fausto egunaren bezperan, eskaini du The Mockers hirukote durangarrak kontzertua txosnagunean. Kaleratu berri duten maketari buruz egin dugu taldekideekin berba

Durangoko jaietan, San Fausto egunaren bezperan, eskaini duThe Mockers hirukote durangarrak kontzertua txosnagunean. Kaleratu berri duten maketari buruz egin dugu taldekideekin berba.

 \"\"

Non eta noiz egin duzue grabazioa?

Grabaketa uztailaren amaieran eta irailaren hasieran egin dugu, Laudion. Bertako lagun batek estudio txiki bat muntatu du bere etxean, eta bere laguntza eskaini zigun. Lagun arteko kontua izan da.

 

Zelako sentsazioagaz geratu zarete diskoa amaitu duzuenean?

Egia esanda, badakigu soinu aldetik hobeto irten daitekeela, ez dugu-eta benetako estudio batean grabatu. Hala ere, argi daukagu aurrerago helduko dela estudiora joateko garaia. Ez daukagu presarik; behetik hasi eta hortik aurrera egin behar izaten da. Jendaurrean aurkeztu gura dugu diskoa orain, eta taldeaezagutzera eman, kontzertu gehiago lortu ahal izateko.
 

Non eskuratu ahalko du jendeak diskoa?

Arlo honetan oraindik ez gara asko mugitu, baina Durangoko Herriko Tabernan, Berbaron, Gozotxorietan, Elorrixoko Portalekuan… edo gugaz zuzenean kontaktatuta eskuratu daiteke maketa.

 

Zelako kantak dira, letra zein musikari dagokionez, diskokoak?

Maketa eklektikoa atera zaigu. Rock gordina da abestiak lotzen dituen haria, baina abesti bakoitzak bere ukitua du. Musika eskandinabiarra, 70eko hamarkadako rock klasikoa, bluesa... denetarik aurki daiteke. Letrak gizakiok bizitzaren aurrean dugun jarrerari buruzkoak dira gehienbat: lokartuta gaude, arazoen aurrean ez dugu ezer egiten, eta dena datorkigun moduan onartzen dugu. Politikariekin eta sistemagaz sartzea erraza da, baina, gizartearen aldaketa norberaren aldaketan oinarritu behar dela uste dugulako, guk gure jarrera kritikatzen dugu, umore puntu bategaz. Mundua aldatzea ezinezkoa bada, norbanakoak bere jarrera aldatzeko aukera badauka.

 

Taldea 2010ean eratu zenutela irakurri dugu, eta laster hasi zinetela maketa hau prestatzen. Prozesu azkarra izan da...

Kontzertuak lortu ahal izateko, abesti barik ez zara inor. Ez gara kexatzen, taldea sortu zenetik kontzertu dezente eman dugulako, baina maketa bat izateak aukera gehiago ematen dizkizu. Horregatik uste dugu grabaketa erabat beharrezkoa izan dela. Jendeak erreferentziaren bat izan behar du, eta geneuzkan kantekin pozik geundenez, ez genuen birritan pentsatu.

 

Zelakoa izaten da kantak sortzeko modua?

Ideiak joan eta etortzen dira, abisu barik: egon zaitezke hilabete gustuko duzun erritmo edo abestiren bat egin barik, eta astebetean hiru sortu. Gure kasuan, hirurok gitarra jotzea abantaila da: edonork ekarri dezake ideia nagusia lokalera, eta hiruron artean ideia horri forma ematen diogu. Hiru ikuspuntu desberdin izateak asko laguntzen du kantak sortzeko prozesuan. Uste dut abesti sendoagoak ateratzen direla.

 

Zelan elkartu zineten talde honetan?

Kontuak ez dauka misterio handirik: rocka gustuko duten hiru gazte batzea ez da gaitza. Elkartu, proba egin eta ondo sentitu ginenez, aurrera jarraitu genuen.

 

Badiharduzue kanta berriak sortzen?

Beti gabiltza ideia berriekin, eta soinu desberdinak bilatzen. Abesti berri batzuetarako ideiak garatu ditugun arren, azkenaldian eguazteneko kontzertua prestatzen ibili gara, eta ez diegu denbora askorik eskaini. Hala ere, oso garrantzitsutzat daukagu ahal den heinean abesti berriak sortzea, errutinan ez jausteko. Kontzertu eta gero hasiko gara konposizio berriekin. 

 

 

 

Eskualdeko punk jatorria ahaztu barik, baina haratago joan guran

 

Aurretik Durangoko Cuarto Asalto taldean jardundakoak dira Gartzi eta Asier taldekideak, eta Elorrioko Old Glories taldean aritutakoa da Ritxi, eta The Mockers taldeagaz “burla egiten” 2010etik dihardu Durangoko hirukoteak. Kontatu digutenez, umetatik ezagutzen dute elkar; eskola berean ikasi zutenez, rocka gustuko zutenez, elkartu egin ziren.


Interneten,
www.myspace.com/themockersband helbidean, egiten dutena ‘mock’n’roll’-a dela esaten dute: eskualdeko punk jatorria ahaztu barik, baina haratago joanez, eta desagertutzat jotzen zen rock estiloaren gainean blues eta psikodelia lako doinuak jorratuz  sortzen ei dituzte euren kantak. Ingelesez eta euskaraz sorturiko kantak dauzkate myspacen entzungai: Zaratustra, Malabaristak, This is the absurd eta Deabrua nauk izenekoak, besteak beste.


Eguaztenean, Durangoko jaietan, txosnagunean eman zuten kontzertuari buruz galdetu diegunean, ametsez egin digute berba: “Taldea sortu zenetik egin dugu amets dugu Durangoko txosnetan jotzeagaz, eta azkenean heldu zaigu aukera: berezia da Sermond´s-en ondoan jotzea ere, gainera, betidanik izan direlako erreferentzia guretzat”.

“Musikagaz gozatzen jarraitzea da gure desio bakarra”, erantzun digute, etorkizuneko helburu eta ametsez galdetu diegunean: bariku gauetako entseguak edukiz gero, ez ei dute besterik behar. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!