Gaurko bigantxen korrida lasaia izan da. Inork ez du minik hartu Santa Ana eta Andra Marian inguruetan ibili diren lau bigantxekin. Umeen Eguna dute gaur Durangon. Txupinazo eta pregoi txikia ere jaurtiko du Durangoko Judo Taldeak, 13:30ean, udaletxeko balkoitik.
Laugarren bigantxa atera eta handik gutxira erretiratu dute eta bosgarren bat atera dute, denetan jokorik gehien eman duena.
Bestalde, udal ordezkariek azaldu dutenez, gauez lagun bat atxilotu du udaltzaingoak desorden publikoagatik eta beste bat ospitalera eraman du anbulantziak koma etilikoagatik. Oiz kalean kontenedore bat ere erre dute.
Umeen Eguna
Umeen Eguna ospatu dute gaur Durangon, eta, etxeko txikienei zuzendutako makina bat ekitaldik hartuko dituzte uriko kale eta bazterrak. Gaur, gainera, txupinazo txikia eta pregoia jaurtiko dute, 13:30ean, udaletxeko balkoitik. Horren ardura hartuko du Durangoko Judo Taldeak. Ohorozeko Aurreskua ere eskainiko da.
Besteak beste, Txu-txu trena ibiliko da goiz eta arratsaldez, Landako Gunetik abiatuta; familia guztiarentzako jolasak daude, gainera, bertan, Tombs Creatius taldearen eskutik. Era berean, Ezkurdin Zoo Park-a antolatu dute, umeentzako tailerrak ez ezik.
Bestelako ekitaldien artean. aipatzekoak dira Merkatu plazan izaten den marmitako lehiaketa, XI. Durango Hiria margo lehiaketaren sari banaketa edota Arte Martzialen erakusketa eta kalejira.
Kukai eta Anthony Blake
Iluntzean, Kukai dantza taldeak KArrikan lana aurkeztuko du eta Anthony Blake magoak ikuskizuna eskainiko du San Agustin kulturgunean.
Umeentzako erromeria izango da, 18:30ean, Kosmolariak taldeagaz Landako Gunean. Baita txokolate-jana ere.