[ZERRENDA]: Zeintzuk izan dira 2023 honetako albisterik irakurrienak?

Anboto 2023ko abe. 30a, 10:20

Milaka albiste idatzi ditugu 2023an anboto.org webgunean. Horien guztien artean ikusienak izan direnekin urteko hamar albiste ikusienen zerrenda osatu dugu.

Anboto.org webgunean 2023ko albisterik irakurriena Durangoko EH Bilduk ekain amaieran egindako salaketa bat da. EH Bilduk Durangoko alkateak bere soldata "%66" igoko duela salat zuen ohar baten bidez. 

Uztailaren 10ean Yanire Granero diseinatzaile abadiñarra hil zen, 35 urte zituela. Granerori 2016an bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta berri txar hura jaso eta berehala ekin zion haren kontra borrokatzeari. Orduantxe diseinatzaile abadiñarrak proiektu solidario bat martxan jarri zuen; Memiimo diseinu tailerra. Memiimo markaren aterkipean hainbat lan egin zituen Granerok.

Otsailaren 21ean Uri Ruiz Bikandi irakasle durangarra hil zen. Irakaslea, hezitzailea eta idazlea izan zen, hezkuntzako hainbat arlotan aritua. Filologiako ikasketak egin zituen eta pedagogian doktorea izan zen. Iurretako Goiuria ikastolako irakaslea ere izan zen. Andoni Barreñak Uri Ruizi buruzko testu hunkigarria idatzi zuen.

Uztailaren 2an 10 urteko ume senegalda bat, Mamdiaye, hil egin zen Muntsaratz auzoko merendero inguruan errekara jausita. Ertzaintzako urpekariek eta suhiltzaileek uretatik ateratzea lortu zuten, eta larrialdi zerbitzuetako kideek bihotz biriketako bizkortzea egin zioten arren, umea hil egin zen. Udalak deituta, elkarretaratze isila egin zuten familiari elkartasuna, dolua eta errespetua adierazteko. Elkarretaratzean, Mamdiayeren osabak, eskerrak eman zizkien euskal herritarrei, abadiñarrei batez ere. 

Otsailaren 5ean Abadiñoko probalekuak harri-jasotze erakustaldi berezia hartu zuen. Martins Licis atleta letoniarrak ikusmin handia sortu zuen. 2019an Munduko Gizonik Indartsuena (World's Strongest Man) sariketa irabazi zuen Licis Urdax Magunazelaia abadiñarraren aurka aritu zen. 

Iurretako Maiztegi herri eskolako ikasle ohiak bazkari berezi batean batu ziren maiatzean; 1975 eta 2004 urteen bitartean jaiotako belaunaldiak. Guztira, ia 500 lagun batu ziren eta Maitane Totorikak bertaratutakoen argazkiak atera zituen. 

Apirilaren 26an Abadiñoko EH Bilduk udal hauteskundeetarako zerrenda osoa aurkeztu zuen. Mikel Urrutia zerrendaburuak "talde anitza eta konprometitua" dela azaldu zuen. Maiatzeko hauteskundeetan Abadiñon EH Bildurena izan zen zerrenda bozkatuena. 

Urteko zortzigarren albiste ikusiena udal hauteskundeetako beste albiste bat da. Berrizko EH Bilduk jakinarazi zuen Espainiako Barne Ministeriotik heldutako datu ofizialak okerrak zirela, eta hauteskundeen hurrengo egunean, Hauteskunde Batzordeak emaitzak zuzendu zituen. 

Abadiñon euskal ezkontza egin dute aurten, lau urterik behin egiten den tradizio handiko ospakizuna, eta berritasun nagusi bat izan du: sexu bereko bikoteak antzeztu du ezteia. Ezkontza mediatikoa izan zen. ETBko albistegietara heldu zen, baina esklusiba ANBOTOk eman zuen.

Otsailaren 18an kolorez jantzi ziren Durangaldeko kaleak. Eguerditik hasita mozorrotuta irten ziren eskualdeko herritarrak. Anbotok argazki galeria eder bat egin zuen Iurretan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!