Yanire Granero diseinatzaile abadiñarra hil da

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 11a, 21:42

(Argazkia: Lehior Elorriaga)

Memiimo markaren aterkipean hainbat izan dira Granerok egindako lanak: turbanteak, zapiak, laminak zein sakelakoetarako kaxak. Bere proiektua berezia eta solidarioa izan da, irabazitakoaren zati bat minbiziaren aurkako borrokara bideratu duelako.

Albiste txar batek Traña-Matienako auzotarren gogoa samindu du gaur. Askok berbak falta dituzte, auzoko bizimoduan eta komertzioan errotutako Yanire Granero Tena diseinatzailea (Abadiño, 1988), Memiimo proiektuaren bultzatzailea hil delako bart. Kemenez eta irribarrez beteriko bidea izan da Granerorena, abadiñarrari bularreko minbizia diagnostikatu baitzioten 2016ean. Berri txar hura jaso eta berehala ekin zion haren kontra borrokatzeari. Ideia argiekin, zuzen, ohikoa zuen jarrera baikorrarekin. Lehendik ere irribarre alaia zuenak, determinazio are eta handiagoarekin egin zuelako aurrera, minbizia hilabete batzuetan gaindituta. Esperientzia garratz hartatik sortu zuen baikortasunaren argia piztuta mantentzeaz arduratuko zen proiektu solidarioa: Memiimo diseinu tailerra. Zapiak, turbanteak, laminak, soinekoak, poltsak zein sakelakoetarako kaxak diseinatzeari ekin zion, saldurikoaren zati bat minbiziaren kontrako erakundeetara bideratzeko. Horixe zuen bizimodu eta pasio.

Markel Onaindia kazetariak 2019ko ekainean elkarrizketatu zuen Granero. Diseinatzaile abadiñarrak bertan aletu zituen bere proiektu pertsonalari buruzko ertz guztiak. Durangoko Maristak ikastetxean ikasitakoak baliagarri izan zitzaizkion proiektuaren oinarriak ezartzeko. Hainbat sari ere irabazitakoa da Granero. Memiimo proiektuak Traña-Matienako Txinurrisolo kalean izan du bere lantokia eta estudioa. Ohikoa zen estudioaren paretik igaro eta bera lanean topatzea, ideia berriak garatzen ikustea, bertan sartu-irten bat egiten ikustea. Eta arrunta zen bere irribarrearekin topo egitea. Bere irribarreaz akordatzea. Kolorea zeriolako. Kolorea, Traña-Matienako langile auzoari gaur darion eta minbiziak edonon erakusten duen grisaren aurrean.

Bere ingurukoek honako mezu hau ipini dute Memiimo proiektuaren Instagram kontuan: "Yanirek utzi egin gaitu. Berak utzitako hutsunea ezin da berbaz azaldu. Amets bat zeukan: bere tailerreko ateak zuei guztioi zabaltzea bere azken bilduma ezagutu ahal izateko. Beraz, bere asmoa beteko dugu". Argi dago Granero joan arren, koloreak ez direla amatatuko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!