EH Bildu: "Ez da zilegi alkateak bere soldata propioa %66 igotzea. Politikan ez du denak balio"

Anboto 2023ko eka. 29a, 10:01

Durangoko alkateak bere soldata "66%" igoko duela salatu du EH Bilduk ohar baten bidez. Datuak osoko bilkura prestatzeko dokumentazioan topatu dituela esan du koalizio subiranistak. "Alkate berriak, urtean 77.929 euro kobratuko ditu urtean, aurreko alkatea zen Ima Garrastatxuk baino 30.929 euro gehiago". "Isilpean eta herritarrak ez konturatzeko asmoagaz" egindako erabakia dela salatu dute, baita ere. 

"Durangar guztiok bagenekien Elkoroiribek hartuko zuen lehen neurria soldata igotzea izango zela, eta horrela egingo du datorren martitzenean, alkatetzara heldu eta bi astetara", esan du EH Bilduk. Elkoroiribek, Mankomunitateko lehendakaritzara iritsi zenean "erabaki bera" hartu zuela esan dute. Koalizioak dio soldata "%13" igo zuela orduan.

Horrez gainera, gobernuko kide eta zinegotzien soldatetara bideratutako diru partida, guztira, 300.000 euro handituko dela salatu dute, ohar berean. "EAJk proposatutako erabakiaren ondorioz, alkateorde eta gainontzeko zinegotzien soldatak ere nabarmen igoko dira. Gizarteari errespetua zor zaio, eta horrelako soldata igoera bat guztiz neurrigabea da. Uste dugu horrelako erabakiek min egiten diotela udalari, durangarrek ez dituztelako norberaren intereserako diren erabaki hauek ulertzen. Jendeak benetako arazo ekonomikoak pairatzen dituen bitartean, ez da zilegi alkateak bere soldata propioa %66 igotzea. Politikan ez du denak balio", kritikatu dute.

Uztailaren 4ko osoko bilkuran EAJren proposamenaren aurka bozkatuko duela iragarri du EH Bilduk. 

"Errealitatetik kanpoko kopuruak"

Herriaren Eskubidea "haserre" agertu da gobernu taldearen proposamenagaz. Alderdi inpendenteak dio alkatearen soldata %66 igotzeaz gainera, alkateordearena %71 igoko dela. "Alkateak 3.600 euro kobratuko ditu hilero eta alkateordeak 3.000. Kopuru hauek errealitatetik kanpo daude; gizartearekiko desoreka izugarri bat erakusten dute", esan dute. Herriaren Eskubidearen iritziz, igoera "basatia" da "justifikaziorik ez dutena".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!