Fradesek hirugarren bider segidan irabazi du Ermuko duatloia

Anboto 2014ko ots. 10a, 13:51

Gurutze Frades helmuga zehartzen
Euskal Herriko duatloi zirkuituko lehen proban Gurutze Frades (Mugarra TT) jaun eta jabe izan zen emakumeetan eta Oier Ariznabarreta (MugarraTT) bigarren sailkatu zen gizonetan.

 

Mugarra triatloi taldeak Euskal Herriko duatloi zirkuitua lehiatzeko hautagai sendoak ditu aurten emakumeetan zein gizonetan. Zapatuan, zirkuituari hasiera eman zion Ermuko V. Duatloian, Gurutze Frades nagusitasunez gailendu zen emakumeetan. Ia lau minutuko aldea atera zion Lourdes Oiartzabal bigarrenari. Horrela, hirugarren urtez segidan Ermuko duatloia irabaztea lortu du iurretarrak. Amaia Eguren taldekidea zazpigarren sailkatu zen.

 

Oier Ariznabarreta durangarra lasterketa irabazteko zorian izan zen, baina azken esprintera indartsuago heldu zen Pello Osoro. Segundo bakarreko aldea izan zen bien artean: “Pena izan da box-etan kaskoa kentzen hainbeste denbora galdu izana. Pello eta bion arteko azken esprinta oso gogorra izan da. Meritu osoa Pellorentzat, bizikletan partzial sinestezina egin duelako”, adierazi zuen Ariznabarretak. Hurrengo egunean, domekan, Euskadiko Kros luzeko Txapelketa lehiatu zuen Laudion Durango Kirol Taldearekin.

 

Gurutze Frades Abu Dabhi-ra begira

 

Denboraldi hasiera honetan izango dituen hitzordurik garrantzitsuenak jakinarazi ditu Gurutze Fradesek bere blogean: Nazioartean Abu Dabhiko Nazioarteko Traitloia lehiatuko du (martxoaren 15ean) eta Espainiar Estatuan Elx-eko triatloia eta Lanzaroteko Ironman-a. Azken lasterketa horretan egon gura luke ehuneko ehunean.

 

Bitartean lasterketa ofizialak errendimendua hobetzera bideratutako kontzentrazioekin uztartzen dihardu. Aurredenboraldia, batez ere, igeriketa eta bizikleta saio gogorrak egiteko baliatu du. Bide horretan, bizikleta gaineko errendimendua hobetu asmoz, hirugarren kontzentrazio bat egingo du otsailaren erdian Fuerteventuran.

 

ERMUKO V. DUATLOIA: SAILKAPENA EMAKUMEETAN

 

1- Gurutze Frades (Mugarra TT)........... 1.14.48

2- Lourdes Oiartzabal (Antxintxika)...... 1.18.42

3- Nerea Gambra (K-0)...................... 1.21.40

...

7- Amaia Eguren (Mugarra TT)........... 1.30.17

 

ERMUKO V. DUATLOIA: SAILKAPENA GIZONETAN

 

1- Pello Osoro (Eibar TT)...................... 1.03.41

2- Oier Ariznabarreta (Mugarra TT)........ 1.03.42

3- Raul Amatriain (Saltoki trikideak)....... 1.03.48

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!