“Nire kirol ibilbideko egunik tristeena izan da”

Anboto 2014ko api. 7a, 10:36
Espainiako Duatloi Txapelketa bigarren amaitu zuen Oier Ariznabarretak, baina ez zuen ezer ospatzeko. Lasterketa hasi aurretik bazekien deskalifikatuta zegoela elastikoaren atzealdean bere izenik ez zermalako.

 

Atzo Espainiako Duatloi txapelketa lehiatu zuten Avilesen. Oier Ariznabarretarentzat bere kirol ibilbideko “egunik tristeena” izan zen. Araudiak dio parte hartzaileek bere izena elastikoaren aurrealdean eta atzealdean eraman behar dutela. Ariznabarretak aurrealdean bakarrik zeraman eta lasterketa hasi aurretik deskalifikatuta zegoela esan zioten: duatloia leihatu zezakeela, baina hasi aurretik deskalifikatuta zegoela. Duatloia bigarren tokian amaitu zuen, baina ezin izan zuen errepidean irabazitakoa podiumean gozatu. Sare sozialetan bere haserrea erakutsi du durangarrak: “Eskerrik asko federazioari jendearen sentimenduekin horrela jolastearren. Kirol honek ez du horrelako gaitzik behar”. Era berean, Espainiako federazioari gutun bat idatzi dio bere ikuspuntua adieraziz. Bertan azaltzen duenez “onartzen dut araudia ez dudala bete, baina beste kirol batzuetan ere ahaztu izan zaiz gauzak eta ahalegin guztiak egiten dituzte kirolariak lehiatu dezan”. Ariznabarretaren ustez, “ez zen korrikalaria arriskutan jartzen zuen araua edo lasterketan lehiatzen ari zela apurtutako araua; seguru nago zerbait gehiago egin izan zitekeela”.

 

Gizonetan David Castrok irabazi zuen: 56.56. Emilio Martin (57.04) eta Alexis Rodriguez (57.09) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren. Emakumeetan Miriam Casillas, Margarita Garcia eta Lucia Perez geratu ziren aurreneko hiru tokietan.

 

Gurutze Frades bigarren Gernikan

 

Bestalde, Gurutze Frades iurretarrak (MugarraTT) bigarren amaitu zuen Gernikako duatloia zapatuan: 2.17.47. Ainhoa Murua irabazleak lasterketa bikaina osatu eta ibilbide denetan denborarik onena markatu zuen: 2.14.07. Arrate Mintegik osatu zuen podiuma.

 

Gizonetan eta 23 urtez azpiko mailan Abadiñoko Laubideta triatloi taldeko Javier Fernandez bigarren sailkatu zen (16. sailkapen orokorrean). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!