Bariku arratsaldean pilota jaialdi kurioso eta erakargarri batekin gozatzeko aukera egongo da Berrizen. Nagusien partiduan, Titin III.ak eta Gorka Otaduy berriztarrak osatuko dute bikote gorria. Euren kontra beste berriztar bi arituko dira, urdinez: Berasaluze IX.a eta Mikel Gonzalez. Azken pilotari biak aurrelariak dira, baina kasu honetan Gonzalezek jokatuko du atzean.
Oizpe Pilota Taldeak udalaren laguntzagaz antolatutako jaialdia 19:00etan hasiko da. Lehenengo umeen partidu bi egongo dira eta, ondoren, nesken beste bat, Mallabiko pilotari birekin. Horien ostean hasiko da nagusien partidua.
Titin III.a hainbat bider etorri da eskualdera
Oraingo hau ez da Augusto Ibañez Titin III.a eskualdera datorren lehenengo aldia. 2016tik hona hainbat bider egon da. 2016an San Blas Trinkete Txapelketan parte hartu eta finalerdietara heldu zen. 2018an birritan etorri zen; lehenengo Atxondoko jaien barruan jokatu zuen Garfe enpresako jaialdian. Ondoren, urrian, Angel Sautoren oroimenez antolatutako pilota partiduko protagonistetako bat izan zen. San Faustoko frontoia txiki geratu zen jaialdi hartan. Azkenik, iaz, Unai Badiola pilotari iurretarraren agur partiduan parte hartu zuen.