Durangoko jaiak

Titin III.ak Angel Sautoren oroimenez antolatutako jaialdian jokatuko du

Joseba Derteano 2018ko urr. 11a, 13:00

Angel Sauto abuztuan hil zen, eta Durangoko pilota eskolan beste inork bete ezingo duen hutsunea utzi du. 44 urtean zehar umetxoen entrenatzaile, juntakide eta presidente izan zen. Denetik egin zuen.  "Dena musutruk egiten zuen, pilota maite zuelako", gogoratu du gaur egun pilota eskolaren ardura daraman Txaber Zabalak.

Horregatik, barikurako bere oroimenezko jaialdia antolatu dute San Faustoko pilotalekuan, "bere bigarren etxean", Zabalaren esanetan. Jaialdiko partidu nagusira Titin III.a ekartzea lortu dute, Titinzale "amorratua" zelako. Pilotari errioxarrak Txaber Zabalagaz osatuko du bikotea. Unai Agirrezabal durangarra eta Ander Olalde mallabitarra izango dituzte aurkari. Agirrezabalek Sautogaz eman zituen lehenengo pilotakadak umetan, eta Olaldek urte asko daramatza Durangoko pilota eskolan. Jaialdia 10:30ean hasiko da, umeen eta beteranoen —Sautoren lagunak— partidu banagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!