San Blas jaiak 2016

Titin III.ak ezin izan du San Blasetako finalera sailkatu

Anboto 2016ko ots. 1a, 10:04

(Argazkia: Garfe)

Titin III.ak eta Ugartek 20-40 galdu zuten Elgart eta Amuleten kontra.

San Blas trinkete txapelketako finalerdiek ikusmin handia eragin zuten atzo Tornosolon. Trinketea lepo bete zen. Interesguneetako bat Titin III.aren parte hartzean zegoen. Trinketean gutxi dabilen arren, aurrelari trizioarrak beti izan du egoera zailetara moldatzeko sena. Inhar Ugarte zuen bizkarzain, besteak beste, hainbat GRAVN titularen jabe den getxoztarra; San Blas txapelketa irabaztea zer den ere badaki. Beraz, partiduak bazuen gatza eta piperra hasi aurretik. Pilotariak lanean jarri zirenean, ordea, beste kontu bat izan zen. Elgart eta Amulet goi mailako pilotariak dira eta askoz gehiago izan ziren. Markagailuan bikoiztu egin zituzten. Irabazleek laster ireki zuten tartea. Ugarteri lana pilatu egin zitzaion eta Titín III.a lekuz kanpo aurkitu zen uneoro. Hala ere, tanto borrokatu eta dotore batzuk ikusi ahal izan ziren tartean.

Beste finalerdien Gonzalezek eta Antxiak 40-25 menderatu zituzten Garatea eta Aspuru. Durangaldeko bikoteak edozein bikoteri aurre egiteko jokoa eta sendotasuna duela erakutsi zuen. Hala ere, partidua ez zen bigarren zatira arte apurtu. Lehen erdian Asier Aspuru gaztea oso indartsu agertu zen eta Garateak ere ondo eutsi zion. Bigarren zatian, gehienbat sakean asmatuta, Mikel  Gonzalezek erabaki zuen partidua. Aspuru apur bat behera etorri zen lehen zatian lan asko egitea egokitu zitzaiolako. Antxiak bere ohiko maila eskaini zuen. Dena dela, finalerdi bizia eta gogorra jokatu zuten eta Aspuru abadiñarrak agerian urtzi zuen handienekin aritzeko gaitasuna baduela.

San Blas Trinket Txapelketako finala datorren larunbatean, 17:00etan, jokatuko dute Tornosolo trinketean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!