Domekan, 17:00etatik aurrera, finalerdiak jokatuko dituzte Abadiñoko Tornosolo trinketean. Lehenengoan, Mikel Gonzalez berriztarrak eta Ander Antxia abadiñarrak Garatea eta Asier Aspuru abadiñarraren kontra jokatuko dute. Bigarrenean, Titin III.ak Ugarterekin osatuko du bikotea, eta Ipar Euskal Herriko Elgart eta Amulet izango ditu aurkari. Finalak otsailaren 6ko zapatuan, 17:00etan, jokatuko dituzte.
Titinek onartu duenez, “trinketea ez da askotan jokatu dudan modalitatea”, baina “gustatzen zait, eta, egia esanda, oso esker oneko nago prestigio handiko txapelketa honetan parte hartzeko aukera eskaini didatelako”. Gaur egun, Garfegaz frontoi luzean dihardu, eta trinketean noizerik noizera aritzen da: “Iaz Mexikon partidu bat jokatu nuen, eta Frantzian ere aritu naiz noizbait, gonbidatu nautenean”. Baina, “ilusioz” dator “goi mailakoak” iruditzen zaizkion izenen artera: “Finalera sailkatzeko gogoz jokatuko dugu, duda barik, eta lortu ezik, gutxienez bertaratzen diren zaleei ikuskizun ederra eskaintzen saiatuko gara” , adierazi du aurrelari errioxarrak.