[ARGAZKI GALERIA] Frontoiak agurtu ditu, baina herritarren berotasuna betikotu du

Anboto 2021ko abe. 10a, 21:31

Unai Badiola pilotari iurretarrak bukaera eman dio hogeita hamar urteko ibilbideari. Despedida partida  iluntze honetan jokatu du Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Partidan zehar giro bikaina egon da, hasi eta buka.

1991an ekin zion frontoietan pilotakadak emateari, eta gaur eman ditu azkenak. Unai Badiola pilotari iurretarrak hogeita hamar urteko kirol ibilbidea bukatu du Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Etxean jokatu du azken partida. Etxean eta etxekoekin. Giro goxo eta hurbilak eskaintzen duen berotasun horrekin. Eta zelan gainera. Pastelak goialdean nola, ginga ipini baitio azken tantoari. Badiolak eta Titin III.ak osatutako bikoteak 22-20 irabazi du Bereinkuaren eta Diezen kontra.

Partidaz harago, baina, azpimarratzekoa izan da frontoiko giroa. Bikaina. Hasieratik amaierara arte. Laixiar irrati libreko kideek irratsaio berezia egin dute, eta ekitaldian zehar ez dira dantzariak eta bertsolariak falta izan. Sorpresetako bat azken atal horretan egon da. Gorka Lazkanok bertsotan ekin dio, eta luze barik, Unai Badiolak ere ekin dio bertsotan aritzeari. Bai. Badiolak frontoiak utzi ditu, baina herritarren berotasuna betikotzea lortu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!