Asteburuan Belgikako zirkuitu ezagunean lehiatuko du abadiñarrak, Europako Radical Masters txapelketako bigarren proban.
Silverstonen podiuma zapaldu ondoren (hirugarren amaitu zuen), “motibazio handiz” lehiatuko da Igor Urien Belgikako Spa-Frankorchamps zirkuituan asteburu honetan: “Anbiziotsua naiz, baina badakit lasterketa honetan garaipena lehiatzea oso zaila izango dena. Arerioek sasoi betean daudela erakutsi dute”, azaldu du.
Spa zirkuitua probatzen duen lehenengo aldia izango da asteburukoa. Zailtasun horri beste bat gehitu behar zaio: litekeena da lasterketan zehar euria egitea. Era berean, Eau Rouge suge erako bihurgune ezagunari ere aurre egin beharko dio; aldapan, ezker-eskuin-ezker egiten duen bihurgunea da, aldapatik ordekarako aldaketan pilotuari ikuspen urria uzten diona, abiadura bizian hartzen dutelako.
Belgikakoaren ondoren, beste lau lasterketa geratuko dira azarora bitartean Europako Radical Masters txapelketa amaitzeko.