Goi mailan aritu da Europako Radical Masterrean parte hartu duen lasterketetan ere.
Igor Urien gaztea (16 urte, Abadiño) eskarmentu eta esperientzia zabalagoko gidarien mailan edo haien gainetik ibili da aurten. Iaz bigarren amaitu zuen Prototipoen Espainiako Opena, eta aurten podiumeko mailarik gorenera igotzea lortu du. Lehenengo lasterketa biak kenduta –arazo teknikoekin ibili zen– gainerako guztiak irabazi ditu. Azkeneko garaipena joan zen asteburuan eskuratu zuen, Nafarroako Zirkuituan. Irabazi eta konbentzitu egin zuen Urienek, txanda batean 30 bat segundoko aldea atera zion-eta bigarren sailkatuari.
Urienek taldearen lana goraipatu du: “Nire errendimenduagaz oso gustura nago, baina taldearen lana ere azpimarratu gura dut. Ondo elkar hartu dugu eta jasotako fruituaren arrazoi nagusienetakoa hori da”.
Europan ere distiratsu
Pistan erakutsi duen nagusitasuna ez da oharkabean pasatu, eta denboraldia Radical España taldeagaz hasi bazuen ere, lasterrera Speed Factory Racing taldearen eskaintza ukaezina onartu eta Europako Radical Masterreko hiru lasterketatan parte hartzeko aukera ere izan du; Londres, Portugal eta Valentzian. Hiru zirkuitu horiek taldekide bategaz elkarbanatu ditu; hau da, lasterketa erdi Urienek korritzen zuen eta, box-etik pasatu ondoren, beste erdia bere taldekideak.
Londres eta Estorilgo lasterketak lehenengo hamarretan amaitu zituzten, eta Valentziakoan, taldekide berri bategaz, harritzeko moduko errendimendua eskaini zuen abadiñarrak. Lasterketari bigarren tokian ekin eta lider zela utzi zion taldekideari; ondoren, bigarren proban, autoa 13. tokian jaso eta laugarren posturaino eroatea lortu zuen.
Etorkizunari begira, bide bi aztertzen dabil: Europako Radical Masterra edo Formula 3ko Eurocupa. Eskaintzak baditu, baina babesleak ere behar dituzte. Bitartean Urienek ez du lasaitzeko asmorik: “Orain da kontzentratuen egoteko sasoia. Sekula ez da jakiten nork joko duen atea probak egiteko. Trankilago bai, baina prest nago”. Bitartean, abenduan, Automobilismoko Espainiako Federazioaren galakoa du hurrengo hitzordua.