Radical SR8a gidatuko du Silverstone, Spa eta Donington bezalako zirkuitu ezagunetan.
Igor Urienek Europako Radical Masters txapelketari ekingo dio bihar, Britainia Handiko Silverstone zirkuituan. Azarora bitartean zazpi lasterketatan lehiatuko da, iaz Prototipoen Espainiako Txapelketak irabazteko balio izan zion barketa beragaz: Radical SR8 autoa. Besteak beste, Spa, Donington eta Katalunia lako zirkuitu ezagunetan gidatuko du.
Iaz, Europako txapelketako proba bitan parte hartu zuen, Londresen eta Estorilen, eta errendimendu oso ona eskaini ostean, aurten txapelketa hasi eta amaitu lehiatzea erabaki du, Valentziako Speed Factory Racing taldeagaz. “Iazko esperientziak txapelketa ona egiteko motibazioa eman dit, baina oraingoz ahalik eta gehien ikastea da nire helburu nagusia”, dio hamazazpi urteko abadiñarrak.
Aurredenboraldian barketa probatzeko modurik izan ez zuenez, atzotik Silverstonen daude entrenamendu libreei ahalik etekinik handiena ateratzeko asmoz. Dena dela, Radical SR8a ondo ezagutzen du eta ez du uste autora egokitzea asko kostatuko zaionik.
Formula 3rako babesle bila
Automobilismoak hiru adar nagusi ditu eliterako bidean: barketa, rallya eta formula. Abadiñarrak barketaren bidea aukeratu behar izan du. Aurten Urien Formula 3an ez ibiltzeko arrazoi nagusia babesletza falta izan da. Valentziako Cedars taldeagaz probak egin ditu eta azkarrenen artean ibili da. Maila horretako txapelketak, ordea, talentuaz gainera, poltsikoa bete diru izatea eskatzen du eta alor horretan hobeto hornituta egon dira beste pilotu batzuk.
Cedars Libanoko dirudun eta motorzale batzuen proiektua da, 2011z geroztik Valentziako gidatze eskolagaz elkarlanean diharduena. Iaz Formula 3ko txapelketa irabazi zuten.
Hala ere, ez dute etsiko eta, Pedro Urien aitaren esanetan, “datorren urtera begira babesleak lortzen saituko gara Formula 3an edo Renaulten Formula World Series-en lehiatu ahal izateko”.