560 kilotan zilarra eta 600ean brontzea irabazi ditu Abadiñok

Anboto 2012ko ots. 24a, 10:19

Egunotan Eskozian lehiatzen ari diren Munduko Txapelketan domina bi irabazi ditu Abadiño Sokatira Taldeak.

Egunotan Eskozian lehiatzen ari diren Munduko Txapelketan domina bi iarbazi ditu Abadiño Sokatira Taldeak.


560 kilora artekoan orain bi urte irabazitako urrezko domina ezin izan dute berritu, baina zilarrezko domina ere lorpen itzela da. Euskal taldeetatik bi heldu ziren atzo finalerdietara 560 kiloan: Abadiño eta Amaiur. Amaiurrek erraz galdu zuen Ipar Irlandako Country Club taldearen aurka. Bigarren finalerdian Abadiñok Txina Taipei kanporatu zuen. Finalean Country Club maila handian ibili zen eta Abadiñok aukera gutxi izan zuen.


600 kilora artekoan urrea irabazi zuen Abadiñok orain urte bi. Aurtengo maila ikusita, itxura ona emateagaz konformatzen ziren, baina ustekabean finalerdietara heldu dira gaur eguerdian. Finalaren atarian ezin izan dute ezer egin Kilroe talde ingelesaren aurka; Kilroek irabazi du finala ere, pisu honetan benetan talde indartsua dutela erakutsiz. Hirugarren eta laugarren posturako borrokan St Pats talde irlandarra izan du parez pare Abadiñok eta irabaztea lortu du, brontzezko domina segurtatuz.

 

Abadiñoko tiralariek tiraldi mistoetan ere parte hartuko dute. Abadiñoko eta Badaiotzeko launa tiralarigaz talde bi osatuko dituzte.


Bestalde, euskal taldeek beste hiru domina irabazi zituzten atzo. Amaiurrek brontzea lortu zuen 560 kilotan. Emakumeetan, 540 kiloan, Badaiotzek zilarrezko domina kolkoratu zuen, eta Sakanak, berriz, brontzezkoa.

 

Txapelketako ARGAZKI gehiago.

Bideoa: Emakumeen tiraldia. Iturria: tourscotland

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!