Eskoziara abiatu aurretik, 560koa gura du Abadiñok

Anboto 2012ko ots. 18a, 08:49

Gaur zortziko azken txapelketa lehiatu ondoren, martitzenean Eskozian jokatuko duten Munduko Txapelketara abiatuko dira

Gaur zortziko azken txapelketa lehiatu ondoren, martitzenean Eskozian jokatuko duten Munduko Txapelketara abiatuko dira.

 

Datozen egunetako agenda bete-beteta du Abadiño Sokatira Taldeak; bihar 560 kilora arteko txapela lehiatuko dute Arrigorriagan, eta gero, otsailaren 23tik 26ra, urrezko domina bi defendatuko dituzte Ezkoziako Munduko Txapelketan.

 

Gaur Arrigorriagan jokatuko duten finala zortziko txapelketako gaitzena da Abadiñorentzat, pisurik baxuenean sufritzen dutelako gehien. Orain arte 680 eta 600 kilora arteko txapelak irabazi dituzte; Durangon ebatzitako 640koa, aldiz, Ibarrarentzat izan zen. Gertatzen dena gertatzen dela, abadiñarrek ontzat jo behar dute denboraldia, indarrak oso pareko zituen txapelketan, gutxienez erdietan nagusitzea lortu dutelako.

 

Urrezko dominen defentsa

Martitzenean, atseden hartzeko asti handirik barik, Eskoaziarantz abiatuko da 30 bat laguneko tropa –tiralariak, entrenatzaileak eta babesleak– eguenetik domekara Perth herrian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko.

 

Irlanda, Ingalaterra eta Euskal Herriko taldeak izango dira faborito pisurik gehienetan. Abadiñok urre bi lortu zituen 2010ean Italian jokatu zen azkeneko Munduko Txapelketan: 560koan eta 600ekoan nagusitu ziren. Domina horiek berritzea dute helburu, bat ere barik bueltatzea ere gertatu daitekeen jakitun, “maila itzela egongo delako”, Edu Mendizabal entrenatzailearen esanetan.

 

Pisu bi horietan kontzentratuko ditu indarrak Abadiñok, baina tiraldi mistoetan ere parte hartuko duela iragarri du. Ohi legez, atzerriko sokatira taldeekin hartu-emanak estutzeko ere baliatuko dute txapelketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!