"Sokatira besoetako indarra zela uste nuen, baina teknikak itzelezko garrantzia dauka"

Anboto 2012ko urt. 11a, 08:51

Hainbat urtean errugbian aritu ondoren, gaur egun arrauna (Zarautzen) eta sokatira (Abadiñon) partekatzen ditu Igor Isasi eibartarrak. Sokatiran aurten hasi da, eta gustura dabilela dio; taldean aurkitu duen giro ona azpimarratu gura izan du

15 urtean errugbian aritu ondoren, gaur egun arrauna (Zarautzen) eta sokatira (Abadiñon) partekatzen ditu Igor Isasi 30 urteko eibartarrak. Sokatiran aurten hasi da, eta gustura dabilela dio; taldean aurkitu duen giro ona azpimarratu gura izan du.

 

Zure lehenengo pausoak errugbian eman zenituen.

Eibarko taldean ibili nintzen, 13 urte nituela. Seniorretara arte Euskadiko eta Espainiako selekzioekin hainbat bider jokatu nuen, eta Donibane Lohizunen jokatzeko aukera eskaini zidaten; Aratz Gallastegi eta Oskar Astarloa ere han zehar zebiltzan, eta animatu egin nintzen. Hiru urte egin nituen han, eta oso esperintzia aberasgarria izan zen. Ondoren Getxon eta Ordizian jokatu nuen. Ordiziakoekin mailaz igo eta lau urte egin nituen.

 

\"\"Zergatik utzi zenuen errugbia?

Lagunarteko partida batean genbiltzala matrailezurra apurtu nuen plakaketa baten ondoren. Zelan diren kontuak; urte osoan ez nuen lesiorik izan, eta lagun artean kolpe tonto bategaz matrailezurra apurtu! Horren ondoren, errugbia uztea erabaki nuen.

 

Errugbia utzi eta arraunean hasi zinen.

27 urtegaz neure burua fisikoki indartsu ikusten nuen. Gainera, lehiatzea beti gustatu izan zait. Sasoi hartan, Luis Mari Zulaika nire irakaslea zen, eta Zarauzko Arraun Elkartean probatzea proposatu zidan. Gustatu eta laugarren denboraldia hasiko dut aurten. Hasieran gogorra egin zitzaidan; urteko hamar hilabetetan, astean sei entrenamendu egiten ditugu.  Denboraldia amaitzen denean ez jarraitzekotan egoten naiz beti, baina urria gerturatzen doan heinean, itsasora joateko gogoa pizten zait.

 

Arrauna utzi ez, eta sokatiran hasi zara...

Arrauna eta sokatira beti izan ditut gustuko. Abadiño taldeko tiralari batzuk ezagutzen nituen, eta probatzeko esan zidaten. Denek eskuzabalik hartu ninduten; taldean giro ona ikusi eta jarraitzea erabaki nuen.

 

Gogorra da aldi berean arraunean eta sokatiran jardutea?

Gaitza da denera heltzea; goizetan irakasle, eta ondoren arraunean edo sokatiran. Behintzat, fisikoki ez dutarazorik; errugbian kolpeak hartzen dira, baina arraunean eta sokatiran, kirol gogorrak izanagatik, kolpeetatik libre zaude, eta ez da gutxi.

 

Orain arte zelako sentsazioak utzi dizkizu sokatirak?

Oso gustura nago orain arteko esperientziagaz, eta urte gehiagoan jarraitzeko animatuta nago. Arrauna uztea hausnartzen nabil, dena batera eroatea oso gogorra delako.

 

Sokatirari eta arraunari antzekotasunik ikusten diezu?

Biek erresistentzia eta sufritzeko gaitasuna eskatzen dute. Sokatira fisikoki gogorra da, denbora gutxian leherrarazi egiten zaituelako; oso intentsoa da.  Arraunean, proba bakoitzean 20 bat minutuan jardun beharra dago, eta iraupena ere eskatzen du.

 

Arraunketako teknikak balio izan dizu sokatiran?

Bai, bietan tiraka zabiltza, eta hankak luzatuta dauzkazu; alde horretatik balio izan dit. Dena dela, sokatiran ondo eta indartsu tiratzeko garrantzitsuena beso onak izatea zela uste nuen, baina ez da horrela. Teknikak nik uste baino garrantzia handiagoa du.  Postura egokian jardutea garrantzitsua da; hankek, gerriak, gorputzaren inklinazioak… denak eragiten du emaitzan. Hasieran asko kostatu zitzaidan; orain ere bai, baina hobetzen nabil.

 

Praktikatu dituzun hiruretatik zein da zure ustez gogorrena?

Arrauna. Baina ez probengatik, urte osoan zehar eskatzen dizun dedikazio handiagatik baino. Eguraldia ere faktore bat da; euriagaz, hotzagaz eta itsaso mugituagaz arraunean egitea ez da batere samurra. Dena dela, hiru kirolak erakargarri egiten zaizkit. Gehien gustatzen zaidana errugbia da, duda barik. Arraunean itsasoaren magiak erakartzen nau, eta sokatiran taldeko giroak, besteak beste.

 

Sokatiran lehenengo pausoak emateko goma gaineko talderik onena aukeratu duzu.

Abadiñoko talde nagusia beste tiralari batzuek osatzen dute normalean. Niretzat irabaztea egunero Abadiñora etorri eta entrenatzea da. Gogoan dut lauko txapelketan, 320 kilora arteko finaleko taldean sartu ninduela Edu Mendizabal entrenatzaileak, nahiko hasiberritan. Ez genuen ezer irabazi, baina nik ederto pasatu nuen. Aurtengo otsailean munduko txapelketa dago Eskozian, eta hori ere motibagarria da. Koadrilako beste batek ere probatu dezan ahalegintzen nabil. Beharbada neguan fitxaketa berria izango dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!