Belgikako Munduko Txapelketan lasterketa hasi eta berehala katea irten zitzaion Egoitz Murgoitiori, erori egin zelarik.
Urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa, makina bat ametsen sorburua, amesgaizto bihurtu zitzaion Egoitz Murgoitiori. Kokjside herrian, Munduko Txapelketa hastear zela abadiñarrak irteera probestu nahi zuen postu batzuk irabazteko.
Hasi zen lasterketa, irten ziren denak abiada bizian eta Murgoitiori bizikletako katea irten zitzaion hasi eta 50 metrora. Ondorioz, manillar gainetik hegaz irten zen inguruan zituen hesien kontra lur hartuz. Zorionez ez zuen kolpe larririk hartu eta bere kabuz irten zen zirkuitutik.
Murgoitiok filosofiaz hartu du gertaera, lasterketa hain azkar utzi beharra “gogorra” egin zaiola onartu duen arren: “Horrelakoak gertatzen dira eta datozen moduan onartu beharra dago. Behintzat ez da nire huts bategatik izan; katea irten zitzaidan eta zorte txarra izan nuen”.
Ukondoan eta belaunean ubeldurak ditu, baina ustez ez du hezurrik hautsita. Eskuin hankako oineko behatz lodia ubelduta dauka eta martitzen goizean federazioko medikuarekin batera Bilboko klinika batera joango da proba batzuk egitera, hezurrik zartatuta ote duen edo ez jakiteko.
Munduko txapelketako lehen hiru postuak belgikarrek bete zituzten. Niels Albert izan zen irabazlea eta Rob Peeters eta Kevin Pauwels geratu ziren bigarren eta hirugarren. Belgikarrren nagusitasuna goitik beherakoa izan zen lehenengo hirurak ez ezik, sailkapeneko lehenengo zazpi postuak eurentzako izan baitziren.
Irteeraren bideoa: Murgoitioren imagina labur batzuk ikusten dira erori ondoren (55. segundoa)
Zaleak Belgikan: argazkiak