Belgikan, ziklo kroseko munduko txapelketan parte hartuta emango dio amaiera denboraldiari Egoitz Murgoitiok. Bihar abiatuko da Belgikara abadiñarra.
Domekan ziklo kroseko munduko txapelketan parte hartuko du Hirumet taldeko Egoitz Murgoitiok. Etxeko lanak nota altuarekin gaindituta, masterraren bila doa Koksjidera.
Domekako lasterketari begira baditu itxaropentsu egoteko arrazoiak. Aurten Munduko Kopan lortu duen posturik onena (16. postua), domekako zirkuitu berean lortu zuen, iazko urriaren amaieran. Ibilbidea aurrez ezagutzeak lasterketa prestatzeko orduan abantailak ditu: “Badakit zer aurkituko dudan eta hemengo entrenamenduak horren arabera antolatu ditut”. Barikua eta zapatua prestatutakoa praktikan jartzeko bailatuko ditu, bihartik Belgikan baita. Horiek horrela, “lehen hamabosten barruan sailkatu beharko nintzatekeela uste dut eta hamar onenen artera hurreratu”.
Irteeran, urtean zehar pilatutako puntuen arabera, ilaratan banatzen dira txirrindulariak. Murgoitiori hiru edo laugarren ilaran irtetea egokituko zaio eta, beste behin, aurten nabarmen hobetu duen alderdia, irteeretako trebezia, zukutzen saiatu beharko da.
Gertatzen dena gertatzen dela, marea urdinak bertatik bertara jarraituko ditu abadiñarraren ibilerak. Murgoitio nora, zaleak hara ibili dira aurten. Esaterako, Espainiako Txapelketan autobus bete lagun joan zen Gandiara: “Ezin naiz kexatu; oso esker oneko nago. Lagunak, zaleak, taldeko buruak… beti ondoan izan ditut. Ea asteburuan eman didaten guztia postu on batekin bueltatzen diedan”.

Denboraldia aztergai
Aurtengo Murgoitioren denboraldian orban nimiñoak besterik ez dira ageri garaipenez betetako ozeanoan. Munduko Kopako pare bat lasterketatan erori egin da, baina ofizioaren arriskuak dira. Estatu mailan zein Euskal Herrian lehiatutako 14 lasterketatik 13 irabazi ditu, Espainiako Txapelketan bigarren geratu zelarik, Isaac Suarezen atzetik. Arantza txikia? Bai, baina ez irabazi ezinak eragindakoa, desegokia erizten dion zirkuituak baino: “Zirkuitu laua zen, teknikoki zein fisikoki konplikaziorik gabea. Niretzako ez zen egokia, baina, oro har, ziklo-kroserantzeko ere desegokia zela uste dut”.
Bestelakoan, Espainiako Koparekin eta Euskadiko Txapelketarekin loditu du aurten garaipenen zakua eta zirkuitu exigenteetan erakutsi duen nagusitasuna goitik beherakoa izan da. Sasoian zela ez da izan bere erritmoa jarraituko zuenik.
Puntan ibiltzeak mediatikoki lehen planoan egotea dakar: irrati deiak, telebista elkarrizketak, egunkarietako kronikak… “Iaztik hona nabaritu dut aldaketa horretan. Une batzuetan neke apur bat ere somatu dut alde horretatik, baina ez dut kexarik, gustura atenditu ditut”.
Apiril amaieran abentura berri bat esperimentatuko du. Milton Ramos eta Israel Nuñez-ekin taldea osatuz, Marokoko Marrakex herrian hasiko den mountain-bike Raidean parte hartuko du. Bost etapatan banatutako lasterketa da, Rally Dakarraren antzerakoa, baina bizikletan: “Esperientzia berria da, ilusioz prestatuko dudana”. Kataluniako hainbat eragilek sortu dute taldea eta Roberto Eras txirrindulari ohiaren hegemonia (azken hiru aldiak irabazi ditu) hausten saiatuko dira.
- Euskadin zortzi garaipen lortu ditu: Karrantza, Muskiz, Ermua, Itsasondo, Elorrio, Asteasu, Laudio eta Ispasterren.
- Estatu mailan bost garaipen eskuratu ditu: Valladolid, Gijon, Navia, Puente Viesgo eta Alcobendasen.
- Bi txapelketa irabazi ditu: Euskadiko Txapelketa Laudion eta Espainiako Kopa, lau lasterketak irabazita.
- Munduko Kopan:
- Txekiar Errepublika (Plzen): Ez zuen bukatu
- Txekiar Errepublika (Tabor): 21. postua
- Belgika (Koksjide): 16. postua
- Igorre: 18. postua
- Belgika (Namur): Ez zuen bukatu
- Belgika (Zolder): 46. postua
- Frantzia (Lievin): 18. postua
Adierazpenen bideoa ikusteko