Aramotz mendi lasterketa

"Entrenamenduetan asko gozatzen nabil"

Anboto 2024ko urr. 7a, 09:16

Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak etxeko lasterketa irabazi zuen atzo.

Sarritan etxeko partiduak izaten ei dira gatxenak, baina atzo presioak ez zion eragin Ander Gerrikaetxebarriari (Zornotza, 1996). Aramotz Mendi Lasterketan hiru bider igo zen podiumera: lasterketako irabazle moduan, lehenengo zornotzar lez eta Urkiola Kopako hirugarren sailkatua izan zelako.

Ez zen garaipen erraza izan eta helmugara "sobra handi barik" heldu zela aitortu zuen. "Azkenean nahiz eta ondo ez joan, erritmoa apur bat bajatzea eta eustea izan da gakoa", adierazi zuen helmugan bertan antolatzaileek egin zioten elkarrizketan. 

Sasoi onean dago zornotzarra. Horren lekuko dira azken asteetako emaitzak. Atzoko garaipenari orain asteburu bi Gorbeia Suzien lasterketa prestigiotsuko -Sky World Series munduko koparako puntuagarria da-  hamargarren postua gehitu behar zaio. Azken aldian izan duen gorakadagaitik galdetuta, honakoa erantzun zuen. "Nik uste presio kontua dela. Nire lehen etapan presio handiarekin korritzen nuen. Aspaldian emaitzari ez diot hainbeste begiratzen eta entrenamenduetan asko gozatzen nabil. Nik uste hori dela gakoa, presio barik eta pozik korritzen nabilela". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!