Hasiera-hasieratik, Aitor Ajuria korrikalari otxandiarra lehenengokoekin batera joan da taldetxo batean, bosgarren postuan luzaroan, eta azkenean seigarren helmugaratu da. Bere denbora, 3.07.14. Bera izan da lasterketako lehenengo euskalduna. "Hasieran indartsu ikusi dut neure burua, ni baino gehiago diren korrikalari batzuen aurretik, eta harritu ere egin naiz, baina gustura joan naiz eta arriskatzea erabaki dut. Gero ondo sufritu dut, baina oso pozik nago lortu dudan seigarren postuagaz", adierazi du korrikalari otxandiarrak lasterketaren ondoren ETBn egin dioten elkarrizketan. Ajuriak Sorginen Lasterketa irabazi zuen orain aste bi.
Gontzal Murgoitio korrikalari elorriarrak ere emaitza bikaina lortu du, zortzigarren helmugaratuta (3.08.19). Zazpigarren zihoan korrikalaria azken zuzengunean aurrera du, esprinean. Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra hamargarren sailkatu da (3.10.09). Munduko kopan hamar korrikalari igotzen dira podiumera, eta, beraz, Durangaldea ezin hobeto ordezkatuta egon da.
Nesketan Durangaldeko korrikalari bi helmugaratu dira lehenengo hamarren artean. June Villarroel elorriarra zortzigarren sailkatu da (4.03.03). Azken asteak bikainak izan dira elorriarrarentzat, oraintsu lasterketa bi irabazi ditu eta: Sorginen Lasterketa eta Mañaritik Atxetara (22 kilometrokoa). Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak bederatzigarren egin du (4.07.99). Mutiletan Luca del Pero korrikalari italiarrak irabazi du (3.00.25), eta nesketan Julia Font espainiarrak (3.45.39).
Uribe bigarren eta Urkiaga hirugarren maratoi erdian
32 kilometroko lasterketaz gainera, maratoi erdia (21 km eta 1.200 m+) ere jokatu da Zeanurin, eta bertan Durangaldeko beste ordezkari bi igo dira podiumera: Leire Uribe otxandiarra bigarren (2.36.54) eta Itsasne Urkiga zornotzarra hirugarren (2.38.48). Dalia Alonsok irabazi du proba nesketan (2.34.29).
Itsasne Urkiaga, Dalia Alonso eta Leire Uribe. (Argazkia: Gorbeia Suzien)